«Indar gerren» ondorioak
Wounded Kneera heltzean, lurrak indar bereziz dei egiten duen leku batean zaudela sinetsi nahi duzu, hain da handia izenaren zama. Bizkor samar eta arreta handirik gabe joanez gero, baina, nekez erreparatuko zenioke Porcupine-rantz igotzen hasi baino lehen bide bazterreko aparkalekuari. Eta bai, horixe da duela 125 urte «indiar gerretan» azkena izan zen lekua; Ameriketako Estatu Batuen armadako Zalditeriako Zazpigarrenak hirurehun gizon, emakume eta ume lakota sarraskitu zituen tokia.
Radio KILI irratia Porcupine Butte-ko muinoan dago. Handik hitz egiten du astean birritan Bryan Changing Cloud-ek lakota hizkuntzan egiten duen programan. Muino honetan bertan atzeman zituen Ameriketako Estatu Batuetako armadak Standing Rock erreserbatik ihesi Pine Ridge-rantz zihoazen lakotak, sarraskiaren bezperan. «Bryanek alde egin du honezkero, Wounded Knee-ra joan behar duzu berarekin egoteko», diost emakume batek, «auzoa dut, eramango gaituzu?». Herrira iritsi baino lehen, 1890eko sarraskiaren lekuan gelditu gara. Ume batzuk berehala datoz, diru edo opari eske. Mutil batek erreka ertzeraino laguntzea proposatzen dit, parez pare izan arren, hango kanpamentuari eraso zion Zalditeriako Zazpigarrenak.
Neska gazte bat hurbildu da aparkatzeaz bat, auto gainean hedatuta dituen idunekoak, belarritakoak eta beste zenbait salgai erakusteko. Berak ere badaki eskulanak ez direla aparteko ezer, baina familia handiari eutsi behar diola dio. Gaixotasunak, diabetesa-eta aipatu dizkit, erreserbako kideen artean estatubatuarren artean baino zortzi aldiz handiagoa da gaixo kopurua. Auto barrutik, «alaba dut» diost gidari lana hartu duen emakumeak. Kostata baina trukatu dugu irribarreren bat azkenean.
Munduko herrialde aberatseneko lekurik behartsuenean gaude. Eta pobreziak une oro jotzen dizu aurpegian. Maria Yellow Horse Brave Heart-ek «trauma historikoaren» zama ikertu zuen, Wounded Knee-tik egungo hondamendira, zeinetan alkoholismoak, suizidioek, bortxaketek eta itxaropen faltak miseria gorrian ezarri baitute komunitatea. Bidean dira, zibilizazio talka, ohiko bizimoduaren galera, lehia gupidagabea nagusi den ekonomia kapitalistara kolpetik sartzeak ordura arteko dimentsioak eta izpiritualtasuna ezabatzea, baita familia egiturak desagertzea ere, umeak kendu zizkietenean urruneko eskoletara eramateko, eskola horietan jasandako indarkeria, bortxaketa eta asimilazio basatia, eta estatuarekiko menpekotasun osoa garatzea erreserban bizirauteko.

Little Bighorn, 1876 . Gorri koloreko seinale handi batek adierazten du 1890eko abenduaren 29an hemen jazotakoa: AEBetako armadaren Zalditeriako Zazpigarrenak 300 lakota siux hil zituen 1890eko abenduaren 29an. «Indiar gerretan» azkena izan zen, bataila izena ere nekez har dezakeen arren Wounded Kneek: 108 borrokalariz eta 250 ume, emakume eta pertsona zaharrez osatutako taldeak ez zekarkien inolako arriskurik haiek inguratzen zituzten bostehun soldaduei.
Bi aste lehenago, abenduaren 15ean, Tatanka Iyotanka, Zezen Eseri buruzagi lakota handia, Grand River ibaiaren ertzean hil zuten Standing Rock erreserbako indiar poliziek. James McLaughlin Fort Yates-eko AEBetako gobernuko agenteak atxilotzeko agindua eman zuen, Ghost Dance edo Izpirituen Dantzaren mugimenduarekin bat egingo zuelakoan.
Baina buruzagi izpirituala atzematen ari zirela ikusita, Zezen Eseriren jarraitzaileak poliziari oldartu zitzaizkion, eta tiroz hil zuten, eta haren jarraitzaileak hegoalderantz abiatu ziren, Pine Ridgerantz. Bidean, miniconjou eta hunkpapa lakota taldea batu zitzaien, Big Foot (Uŋpȟáŋ Glešká) zela buru, harik eta bi aste beranduago Zalditeriak geldiarazi eta Wounded Knee-ko sarraskia gertatu zen arte.
Gure ibilbideko azken geltokia dugu Wounded Knee. Lehendabizikoa hemendik 600 kilometro baino gehiagora dago, mendebalderantz. Lakoteraz Pȟežísla Wakpá eta ingelesez Little Bighorn izeneko ibaiak XIX. mendeko bataila nabarmenetakoaren oroitzapena dakar. Montanatik Wyomingera doan autobidean seinale ugarik adierazten dute non den gudu lekua; zerikusirik ez Wounded Knee-rekin. Hain gutxi, bertara iritsi eta estatubatuarrek memoria gordetzeko antolatzeko parke nazionalarekin topo egiterakoan.
1876ko ekaina zen, eta indiarren borrokek buruko min gutxi zekarzkieten independentziaren mendeurreneko ospakizunak antolatzen zebiltzan Washingtongo agintariei. Baina uztailaren 4 berezi hura ospatzen zebiltzala, hamar egun lehenago, ekainaren 25ean Dakota territorio urrunean jazotako hondamendiaren berria iritsi zen DCra: Zalditeriako Zazpigarrena txikituta gelditu zen lakota eta cheyenne aliantza baten aurka borrokan; George Custer jenerala ere hil zuten egun hartan.
Siuxen Erreserba Handia cheyenne eta lakota indiarrena zen 1868ko Fort Laramieko hitzarmenaren arabera, eta Wyoming eta Nebraskako eremu zabal batean bisonte ehizarako eskubidea ere jasotzen zuen akordioak. Baina 1874an He Sapa edo Black Hills mendietan agertutako urreak kolonoak erakarri, eta aurki armadaren babesa izan zuten. Hala piztu zen 1876ko siux gerra handia. Buruzagi militarra Zaldi Ero izan zen. Tatankta Iyotanka Zezen Eseri zen gidari izpirituala, Little Bighorn baino hiru aste lehenago iragarri zien jarraitzaileei garaipena amestu zuela.
Rangerrak ez daukala erraz iruditu zait AEBetako armadak gerra zibiletik jasandako hondamendi handiena azaltzen. Baina txukun moldatu da Little Bighorn testuinguruan azaltzen, bi mundu ikuskeraren talka eta tragedia gisa erakusten. Ez dago azalpen inperialistarik edo mendeku goserik, borroka galduta ere gerra irabazi zuenaren eskuzabaltasunez, eta azken biktima zein izan zen zalantzarik uzten ez duena. Mezu orekatua dakar, «ziur aski ez ginen ondo portatu», damuak ezer aldatuko ez duela jakinik.
Asimilazioa. Indiarren garaipena amaieraren hasiera izan zen. Lehen ospakizunen ostean, milaka soldadu iritsi ahala lakota eta cheyenne asko atzera ere erreserbetara itzuli ziren aurki. Zaldi Erok bere burua entregatu zuen, eta Zezen Eserik Kanadako mugaz beste aldera jo bazuen ere, bost urte erbestean emanda etxera itzuli zen, erreserbako bizimodua halabeharrez onartuta. Zuriak argi zeukan nola «zibilizatu» indiarra: kristautasuna, nekazaritza eta eskola ziren zutabeak. Lautadetan ibili ohi ziren bisonte taldeak ia desagertuta zeuden horretarako, AEBetako Gobernuaren berariazko politikaren baitan, Tatanka Oyate edo bufaloaren nazioa mendean hartzeko. Bisonte ehizan Lautada Handietan zaildutako herri nomada lursailetara egokitu gura zuten, baita lurrak ezer gutxi ematen zuen eremuetan ere.
«1879an debekatu egin ziren dantzak eta hizkuntza. Misiolariak bidali zituzten gu basatiok zibilizatzera eta ingelesa irakastera», diost Bryce Changing Cloud irakasleak etxeko atarian. Umeekin ahalegin berezia egin zuten, «haurrak hartu zituzten siux izateari utz ziezaioten, Pennsylvaniaraino eraman zituzten, ingelesa ikasi eta estatubatuar egiteko. Ez zuen luzaro iraun, baina eragin itzela utzi zuen, barnetegi-eskola bat zeukan erreserba bakoitzean». Jipoiak, debekuak eta umiliazioak hamarkada asko iraun zuten. «1961ean eskolan hastean zazpi urte nituen eta etxeko lakotera besterik ez nekien», dio Darlene Harperrek, «negar asko egin nuen, egunez egun ingelesez eginarazten ziguten, eta nik ez nekien. Eskuetan jotzen gintuzten edo txokora bidaltzen gintuzten. Eta gobernuak egindako liburu haiek baizik ezin genituen irakurri». Darlene Harperrek arbaso zuzen ditu Hump buruzagia eta haren seme Samuel Harper: «Ghost Dance mugimenduan ibili ziren eta Wounded Knee-n bizirik irtetea lortu zutenetako bat izan zen Sam Harper».
Bryce Charging Cloude-ek urte asko daramatza Pine Ridge-ko eskoletan lakotera irakasten. Darlene Harper, berriz, esperientzia berri batean dabil hizkuntzaren alde: Oglala herrian lakota hizkuntza biziberritzeko abiarazitako haur eskolan dihardu. 2012an bost umerekin hasitako ekimenak baditu hogei haur honezkero. Baina ia dena dago egiteko, eta hiztunak oso bizkor ari dira galtzen, 80 urtetik gora baitituzte gehienek. Sei mila lakotera hiztun daude, horien erdiak Pine Ridgen.

Ilusioa piztu duen ekimena da Oglalako haur eskola, ohiko eskoletan baino lehenago, bi urte bete gabe hasten direlako umeak murgiltze ereduan. Filadelfian jaio eta erreserbara ezkonduta hizkuntza ikasi duen Peter Hillek ekin zion ideiari, bere alaba zela lehen bost ikasleen artean. «Hizkuntzaren etxeko transmisioa etenda dago ia erabat azken berrogei urteotan. Baina hemen oso goiz hasten gara, eta gurasoei ere ariketak ematen dizkiegu umeekin lantzeko».
«Esan ohi da lotsaz utzi ziotela gurasoek hizkuntza egiteari», dio Darlene Harperrek, «baina ez da zuzena; lotsa bazegoen, hainbeste urteren ostean, baina batez ere beldurra zen, eurek sufritutakoa seme-alabek ez sufritzeko». Hill bat dator: «Aitona-amonek hizkuntza jakinda ere, askotan kosta egiten zaie bilobekin egitea, zapalkuntza eta umiliazio-iragan baten oroitzapen zaielako». Baina aurrera begiratu nahi dute: «Gure filosofiaren funtsa da sinestea lakotera ez dela soilik iragan urrunaz mintzatzeko hizkuntza. Bufalo ehizaz edo tipiaz edo danborraz hitz egin dezakegu, baina gure programak lakotera hizkuntza bizi gisa ikusi du, zuntz optikoaz eta plaka tektonikoez eta astrofisikaz hitz egiteko balio duena».
Ahalegin handia egin dute eskola materiala sortzen, paperean eta, batez ere, eremu teknologikoan. Dena auzolanez. Eta horrek ekarritako onespenak komunitatearen babesa eta azkenaldiko dohaintza garrantzitsuak ekarri dizkie.
Etsipen gorria. Pine Ridge-ko sarreran, Badlands parke nazionala atzean duela, eskulanak saltzen ari da emakume bat. Susan Two Bulls (Bi Zezen) du izena, eta sinadurak ere biltzen ditu, «Obamari eskatzeko gure lurrak gureak direla aitor dezala». Izan lezake keinuren bat Etxe Zuriko bizilagunak; AEBetako konderri guztietatik hemen jaso zuen babes handiena azken hauteskundeetan: Oglala Lakota konderriko botoen %93 baino gehiago izan ziren hautagai demokratarentzat. Shannon izena zuen barrutiak garai hartan, aurten hartu du izendapen berria, iaz herritarrek hala bozkatuta. Izen berriak argiago adierazten du Pine Ridgeko nortasuna. Baina ez du errealitatea hobetzen: AEBetan 50 estatuetako 3.143 konderrietatik, 3.143.a, azkena da Oglala Lakota diru sarreretan, urteroko sei mila dolar pertsonako (eta gehienak ez dira hiru mila dolarrera iristen). Haitiren ostean, Amerikako bizi itxaropen baxuena dute Pine Ridgen: 48 urte ere ez gizonek, eta 52 emakumeek. Eta gainerako datu estatistikoak ere gisakoak dira: langabezia %80tik gorakoa da eta ia biztanle guztiak pobrezia mailatik behera bizi dira.
Okerretan okerren dago Oglala Lakota, baina ez da salbuespena: pobreziaren estatistiketan etengabe nabarmentzen dira Dewey, Ziebach eta lakota siuxen erreserbetan dauden beste hiru konderriak ere. AEBetako hamaika konderri behartsuenetatik zazpi Hego eta Ipar Dakotako siuxen barrutiak dira.
Pine Ridge erreserba «lehorra» da. Ez da alkoholik saltzen. Baina debekua ez da oztopo. Pine Ridge herritik Nebraskako mugara hiru minutu dira autoz, bi milia baino gutxiagora dago Whiteclay herria. Hamalau biztanle ditu, lau likore denda, eta urtean ia bost milioi lata garagardo saltzen dituzte. Egunean hamabi mila lata baino gehiago, hamalau biztanleko herrian. Eta hamalau horien inguruan, dozenaka lagun bazterretan botata, etzanda, edo nora ezean ibilian. Zonbi irudi horiek behin eta berriz zabaldu dira, eta 2012an oglala lakotek auzitara eraman zituzten Whiteclayko saltokiak, baina epaileak, arazoaren larria onartuta ere, salaketa aintzat hartzeko oinarririk ez zuela ebatzi zuen.
Izurri berria: suizidioak. Egoera aspalditik da larria, baina etsipenak marka guztiak haustea ekarri du 2015ean: bederatzi eta 24 urte bitarteko hogei ume eta gazte baino gehiagok egin du bere buruaz beste, eta ehun baino gehiago dira aurten egondako suizidio ahaleginak. Keith Janis ekintzaile ekologistak etxean bertan sufritu zuen tragedia: hamabi urteko bilobak bere burua urkatu zuen joan den otsailean. «Izugarria izan zen», dio, eta argi du zer dagoen honen atzean: «Lehendabiziko motiboa muturreko pobrezia eta indarkeriaren kultura dira; Gobernuak berak ezarri ditu hainbat urteko zapalkuntzarekin eta asimilazio behartuarekin. Hirugarren munduan gaudela diote, baina nik laugarrena dela uste dut. Hirugarren munduan gutxienez badira gobernuak, laguntzarako erakundeak. Hemen ez». Facebook-etik gazteei laguntzeko talde bat jarri dute abian, erreserbako gazteen sare sozialetako mezuak zelatatzeko. «Lakota umeak etsita eta jota ikusten ditugu bere buruaz beste egin duten lagunekin, eta pentsamendu suizida asko idazten dituzte, hala nola ‘laster arte’, edo ‘zure atzetik noa’». Horrelako iruzkinak atzematen dituztenean, umearengan eragiten saiatzen dira, itxaropen, babes eta maitasun mezuen bidez.
«Arazoa etxeen barruan dago. Ezinezkoa da 15-20 lagun bizitzea bizpahiru gelako etxeetan», dio Darlene Harperrek. Alkoholismoak hamar pertsonatik zortziri eragiten die, eta gero etxe barruko izugarrikeriak gertatzen dira, umeek batez ere jasaten dituztenak.
70eko hamarkadan Gobernuak eraikitako etxeek arazoa sakondu zuten. «Denak leku bakarrean pilatuta, etxeek ura izanda ere, oso kaltegarria izan da», diost Bryan Charging Cloudek, etxe barrura gonbidatuta, euria hasi behar duela eta. Rosebudekoa da Bryan, Pine Ridge ondoko beste lakota erreserba batekoa, baina haren emazteak ondo gogoan ditu 1973ko gertakariak. Otsailetik maiatzera, 71 egunez eutsi zioten ehunka oglala lakotak eta AEBetatik etorritako AIMko (Ameriketako Mugimendu Indiarra) jarraitzaileek Wounded Knee-ri FBIk jarritako setioari. Gobernuaren bazterketa arrazista eta erreserbako buruzagi tribalen ustelkeria salatzen zuten. «Gauez zaldiz igarotzen genituen federalen lerroak, bide ezkutuetatik Oglala herriraino iritsi, eta behar genuenaz hornitzeko». Gero, etxean barna galdu da, lehen ere kontinenteko beste indigena batzuei sumatu izan diedan barne-biltze horretara emana. Setioa amaitu eta hurrengo lau urteetan 60 lagun eta militante baino gehiago hil zituzten. Detroitek zeukan orduan AEBetako indarkeria tasa handienetakoa, eta Pine Ridge-n zortzi bider handiagoa izan zen. Leonard Peltier AIMko kideak biziarteko espetxe zigorra dauka, erreserban FBIko bi agente hiltzea leporatuta. Epaiketari buruzko zalantza asko egon arren eta mundu osoko eskariei entzungor, Peltierrek berrogei urte beteko ditu giltzapean datorren hilean.
Ipar Amerikako lautadako herririk ausart eta borrokalariena dira lakota siuxak. AEBetako iruditeria mitologikoan urrezko lekua daukate, western-ek eta denborak edulkoratuta ziur aski, behinolako gaiztoaren lekua desagertuta baina hondamendiaren neurria aitortu ezinik. Baina aurrera ere begiratzen dute, buelta emateko aukera ere badagoela sinetsita. Eta hizkuntzak rol garrantzitsua duela hor: «Hizkuntza biziberritzean jendea biziberritzen dugu», dio Peter Hillek. «Hizkuntza tresna gisa darabilgu ondo hezitako pertsonak sortzeko, lakota komunitateko euren ondarean errotuta eta etorkizun zabalarekin. Jatorrizko hizkuntza ikasten duten ume indigenek euren buruaren irudi hobea eta konfiantza handiagoa dituzte. Eskola abandonu gutxiago, droga-kontsumo txikiagoa, horren estatistika negargarriak dituzten lekuetan. Murgiltze hezkuntzan ezusteko bakarra da orain arte ez saiatu izana gure komunitateetan modu zabalagoan». Bryan Changing Cloud ere bat dator. Mandarinak eman dizkigu biderako. Umeak eskean dabiltzan etsipenaren lurrean, detaile txikiek aldea markatzen dute.
Duela 125 urteko hondamendia. Asteartean mende eta laurden beteko da Ameriketako Estatu Batuetako historia orrialderik beltzenetakoa idatzi zela. Wounded Knee-ko sarraskia mende oso bateko umiliazio, ukazio eta asimilazio borroketan azkena izan zen. Bizi nomada utzi eta nekazaritzara behartu zituzten indigena haiek Gobernuarekiko menpekotasun osoa zeukaten, uzta onik lortu ezin zuten hainbat eskualdetan. Haragi kopurua murriztu zuen Washingtonek, ordea. Eta gosearekin batera, Ghost Dance edo Izpirituen Dantza izeneko mugimendua ere hedatu zen.
Nevadako Wovoka xaman paiuteak sortu zuen dantza, eta Kicking Bear eta Short Bull-ek eraman zuten Dakotara. «Izpirituen atorrak» jantzita, zurien balek ez zietela ezer egingo irakatsi zuten, eta bisonte talde handien garaiak atzera ere ekarriko zituztela. Big Foot eta Zezen Eserik ere bat egin zuten mugimenduarekin. Pine Ridge-ko polizia indigenak tropa gehiago eskatu zizkion armadari 1890eko abenduaren 15ean. Standing Rock erreserbako gobernadoreak berriz, Zezen Eseri eta jarraitzaileak matxinatuko ziren beldurrez, hura atxilotzeko agindua eman zuen. Atxilotzeko saiakeran hil zuten Tatanta Iyotanka hunkpapa tribuko buruzagi handia, baita haren 14 urteko semea ere. Baina berrogei jarraitzailek ihes egitea lortu zuten, Big Foot-ek tartean. Badlands eremurantz abiatu ziren Pine Ridge-ra iristeko asmoz.
Abenduaren 28an atzeman zituzten Zalditeriako Zazpigarrenekoek. 108 borrokalarik eta 250 emakumek, umek eta zaharrek osatzen zuten taldea. Wounded Knee-raino eraman eta han kanpatzeko agindu zieten. 500 soldaduk inguratu zuten kanpamentua eta lau metrailadore ezarri zituzten; taldean gehienez ere 120 gizon heldu eta 230 ume, emakume eta zahar omen zeuden. Baina biharamunean arma bila sartu ziren soldaduak kanpamentuan, eta borroka piztu zen, ordubeteren buruan, ehunka lagun hilik zeuden. Ihes egin zuten hainbat lakota ere odol hotzean sarraskitu zituzten, dozenaka haur tartean. Wašíčuŋ Tȟašúŋke (Amerikar Zaldi) oglala buruzagi batek gogorarazi zuenez, tiroketa amaitzen «deiadar egin zuten hilik edo zaurituta ez zeudenek aurrera egin eta seguru egongo zirela esateko. Mutiko txikiak ezkutalekutik irten ziren, eta soldadu talde batek ikusi bezain laster inguratu eta sarraskitu egin zituzten».
Errepide bazterrean seinale batek adierazten du gertatutakoa gaur egun. Aitortza ofiziala badu ere, ez dauka Ameriketako Estatu Batuetako gune historiko garrantzitsuenek izan ohi duten zaintza delikatua edo interpretazio gune txukunik. Bidearen beste aldean, muino batean gora, hilerri txiki bat dago, atari egiten dion burdinazko arku batekin. Koloretako oihal zatiak ere badaude eskegita hesiaren inguruan. Talde kristau bateko neska-mutil gazteei azalpenak ematen dizkie Pine Ridge-ko gidari batek. Harrizko zutabe batean, duela 125 urte hildako lakota nazioko biktima haien izenak datoz.