Lan erreformaren aurka Parisen biharko deitutako manifestazioa egin ahal izango dute sindikatuek
Parisko Poliziaren prefekturak debekatu arren, azkenean bihar Parisen lan erreformaren aurka antolatuta zegoen manifestazioa egin ahal izango dute sindikatuek, Bernard Cazeneuve Barne ministroarekin bildu ondoren adierazi dutenez. Honek proposatutako ibilbidea onartu dute.
Azkenean, Barne Ministerio frantsesak baimena eman die sindikatuei bihar Parisen lan erreformaren aurkako manifestazioa egiteko, CGTko idazkari nagusi Philippe Martinezek Bernard Cazeneuve ministroarekin bildu ondoren iragarri duenez.
Goizean, Parisko Poliziaren prefekturak iragarri du manifestazioa debekatua zegoela, «pertsonen eta ondasunen» segurtasuna bermatuta ez zegoela argudiatuta.
Manifestazioa deitu duten sindikatuek ibilbide bat proposatu zuten, Bastilla plazatik Nazioaren plazaraino. Agintariek mobilizazio «estatikoa» egiteko eskatu zieten, horrela segurtasuna bermatuta egongo zela argudiatuta, hilaren 14ko mobilizazioaren ondoren izan ziren istiluak gogoan.
Sindikatuek Gobernuaren proposamena baztertu zuten eta beste ibilibide «alternatibo» batzuk proposatu zituzten.
Poliziak goizean esan duenez, manifestazioa «debekatzea beste aukerarik» ez du. «Proposamen alternatibo horiek ez dute bermatzen pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatuko denik, eta mehatxu terroristak eskatzen duen polizia indarren mobilizazioari erantzutea ere ez dute ahalbidetzen», argudiatu du.
Debekua iragarri ostean, Force Ouvrier (FO) eta CGTko idazkari nagusiek lehenbailehen bilera eskatu diote Barne ministroari, auzia aztertzeko. Bileraren ondoren, Cazeneuvek mobilizazioa baimendu duela esan dute. Ministerioak proposatutako ibilbidea onartu dute sindikatuek. Martxa Bastillan hasi eta bukatuko da, Arsenaletik pasa ondoren. Ibilbide «seguruagoa» dela esan omen du ministroak, Martinezen arabera.
‘Le Parisien’ egunkariaren arabera, Manuel Valls lehen ministroa manifestazioa debekatzearen aldekoa zen, baina Cazeneuve ez.