INFO

Bi gol azken minutuetan, eta berdinketa Alavesek Calderonen (1-1)

Gameirok 92. minutuan aurreratu du Atletico Madril Alavesen aurka, eta minutu bat ondoren egin du berdinketa Manu Garciak babazorroentzat. Hala, urrea balio duen puntu bat atera du Alavesek Vicente Calderonetik. [Neurketaren xehetasunak]

Manu Garciak egin du gasteiztarren gola. (Pierre-Philippe MARCOU/AFP)

Hamar urteren bueltan, Lehen Mailako partida bat jokatu du Alavesek gaur. Eta ez zelai errazean, beti zaila den Vicente Calderonen baizik, Atletico Madril handiaren aurka hain zuzen.

Bada, defentsa lanetan sendo, markagailuari eustea lortu dute babazorroek 92. minutuan epaileak euren aurkako penaltia agindu duen arte. Modu horretan, Kevin Gameirok aurretik jarri ditu madrildarrak.

Alaves esku hutsik geratuko zela uste zenean, baina, Manu Garciak sekulako gola sartu eta neurketa berdintzea lortu du; 93. minutua edo izango zen.

Gauzak horrela, urrea balio duen puntua atera du Alavesek Vicente Calderonetik.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.