EH Bildu Diadaren bidetik, EAJ «gure orriaz» eta Ahal Dugu legearekin bat
Diadaren ospakizunak ezaugarritu zuen atzokoan kanpainaren hirugarren eguna. Kataluniako prozesuari hiru modu ezberdinetan begiratzen diote erabakitzeko eskubidearen alde diren hiru indarrek. «Procés»-a eredutzat du EH Bilduk, «beste ibilbide orri bat»&flexSpace;baino ez da EAJrentzat eta Elkarrekin Podemosek bide legaletatik ibiltzea nahiago du.
Atzoko Diada zela-eta, Kataluniako burujabetza prozesua hizpide izan zuten EH Bilduk Durangon eta EAJ zein Elkarrekin Podemosek Donostian. Lehen bi indarrek, gainera, ordezkaritza bana bidali zuten Bartzelonara. Hiru indar eta hiru ikuspuntu, hiruren ekimenek eta adierazpenek garbi utzi zutenez. Ez soilik procés-aren balorazio hutsari dagokionez, baita, eta batik bat, Euskal Herrian jorratu behar den bideari begira ere.
Kataluniako bidea erreferentzia ez ezik, eredu ere badu EH Bilduk. Bide horretatik doa atzo Durangon berriro ere hizpide izan zuen EAJri, Ahal Duguri eta gehiengo sindikalari luzaturiko proposamena: erabakitzeko eskubidea lortzeko azken saiakera egin Madrilen (horixe iragarri zuen atzo Carles Puigdemont president-ak ere), baina beste behin ezetza jasoz gero aldebakartasunez aurrera jo.
Maddalen Iriarte Gipuzkoako zerrendaburuak zehaztu zuenez, «Euskal Herrian ere posible da gehiengo sozial oso zabal batek bultzatutako eta gehiengo politikoak egindako akordioetan oinarritutako prozesua abian jartzea. Bai, hemen eta orain». «Anbiguotasunik gabe eta muturreraino neurtutako hitzik gabe», erantsi zuen.
ELA eta LAB sindikatuek Gernikako Estatutua agortutzat eman zutenetik hogei urte pasa diren honetan, «aurrera egin nahi dugu –berretsi zuen Iriartek–. Aurrera, Berri Txarrak-ek abesten duen moduan, aurrera ez bagoaz atzera goazelako». Aldiz, orain indarrean den EAJ-PSE itun orokorra «iraganeko frontea da, zahar usaina du, dagoena mantentzera mugatzen da».
EH Bilduko hainbat kide egon ziren Katalunia aldeko atzoko ospakizunetan. Bakartxo Ruiz Nafarroako legebiltzarkideak «Euskal Herrian ere nazio mailako akordio zabalak egin daitezke» adierazi zuen. Sortuko Pernando Barrenak bezalaxe, Bartzelonan eginiko lore eskaintzan hartu zuen parte. Besteak beste, ERCko Oriol Junqueras eta Gabriel Rufian agurtu zituzten.
Urkulluk hitzik ez Kataluniaz
EAJri dagokionez, Aitor Esteban diputatua buru zuen ordezkaritza izan zen Diadako mobilizazio nagusian. Kanpainan alderdiak atzo egindako ekitaldi nagusia, berriz, Laudion izan zen. Bertan Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar izan ziren, baina ez batak ez besteak ez zion Kataluniako prozesuari aipamenik egin. Bai, ordea, Joseba Egibarrek Donostian. Bertan, EAJren Gipuzkoako zerrendaburua den Egibarrek Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak bereizi zituen, «bakoitzak bere ibilbide orria du-eta». Lotzen dituen aldagaia «aurrean dugun Estatua berbera dela da», erantsi zuen.
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuen, noski, Egibarrek, baina nola lor daitekeen zehaztu gabe. «EAJk ez dio euskal herritarren nahiari mugarik jarriko. EAJk proposatu egiten du, baina erabakitzen duena herritargoa da», esan zuen Gipuzkoako hautagai jeltzaleak.
Erabakitzeko eskubidea, bestalde, «herritarrengan eragina duten kontuetan» erabateko gaitasuna izatearekin parekatu zuen Joseba Egibarrek: «Hezkuntzan, osasun mailan, justizian, enplegu politikan...».
Zabala eta Colau
Elkarrekin Podemos-eko Pili Zabala ere aritu zen Diadaz. Erabakitzeko eskubidearen alde egin zuen, baina «bide legaletatik eta aldebikotasunetik» gauzatu behar dela zehaztu zuen. Izan ere, «herritarrek segurtasuna eta argitasuna behar dituzte».
Diadan parte hartu zutenei «errespetua» baino ez zien adierazi Pili Zabalak. Ada Colau Bartzelonako alkatearen parte hartzearen inguruan, berriz, piztu den arreta ez duela «oso logikoa»&flexSpace;ikusten adierazi zuen.
Adierazpenak
«Anbiguotasunik gabe eta muturreraino neurtutako hitzik gabe egin behar dugu aurrera, bestela atzera goaz-eta»
MADDALEN IRIARTE
EH Bildu
«Kataluniak eta Euskadik, bakoitzak bere ibilbide orria du, baina aurrean dugun Estatua berbera da»
JOSEBA EGIBAR
EAJ
«Bide legaletatik gauzatu behar da erabakitzeko eskubidea. Izan ere, herritarrek segurtasuna eta argitasuna behar dituzte»
PILI ZABALA
Elkarrekin Podemos