INFO

Aretoa txiki gelditu da Leioako campusean Arnaldo Otegi eta Laura Mintegi entzuteko

Arnaldo Otegi eta Laura Mintegi Leioako EHUren campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean hitzaldia eskaini dute, gazteriari buruz mintzatzeko. Hitzordua fakultateko auditoriumean egitekoa zen, baina bertaratu diren ehunka gazteek txiki utzi dute aretoa, eta fakultatearen kanpoaldean egin da ekitaldia.

Gazte andana bildu da EH Bilduk Leioako campusean egin duen ekitaldian. (ARGAZKI PRESS)

EH Bilduren ekitaldiak ehunka gazte bildu ditu EHUren Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen kanpoaldean, Arnaldo Otegi eta Laura Mintegiren hitzaldiak entzuteko.

Orain arte ezagutu gabeko egoera baten aurrean gaudela nabarmendu du Otegik: «gazte belaunaldia bere gurasoena baino baldintza okerragoetan bizi da». Azpimarratu duenez, egoera horretara «ez gara kasualitatez iritsi».

«Espainiako estatuko eta Europako botere finantzieroek krisi latza eragin dute eta horien aurrean makurtu dira botere politikoak. Horren ondorioz, gure gazteen etorkizuna zalantzaz betea dago», esan du Otegik, gogoratuz azken urteotan «herri honetako 15.000 gazte atzerrira joatera behartuta» ikusi dutela beren burua.

Gazteriari «oraina eta etorkizuna» bermatzeko neurriak proposatu behar direla agertu du EH Bilduko bozeramaileak. Horretarako, gazteak Euskal Herrira itzultzeko plana abian jartzeko asmoa azaldu du.

Plan horren baitan egongo litzateke gazteei begirako enplegu plan estrategikoa. Honen guztiaren helburua argia dela zehaztu du: lan prekarietatearekin amaitzea, gazteei lan aukerak eskaintzea eta gazteek alokairu sozialetarako sarbidea izatea.

«Gure herriko gazteek egoera eta baldintza duinetan herri honetan bizi eta lan egin ahal izateko, lan egingo dugu», azaldu du Otegik.