INFO

Jon Azpillaga bertsolaria hil da

Jon Azpillaga bertsolari hil da, 81 urte zituela. 1961ean Bizkaiko txapeldun izandakoa, lau aldiz izan zen finalista Txapelketa Nagusian.

Jon Azpillaga, 2012ko Bertso Egunean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Jon Azpillaga Pasaian jaio zen baina urte eta erdirekin Berriatuara joan zen bizitzera. Ondoren Mutrikura ezkondu zen eta han hil da, 81 urte zituela. Bihar 19.00etan emango diote azken agurra, herri horretan, Bertsozale elkarteak jakinarazi duenez.

Azpillaga 14 urterekin hasi zen koplari, baina frankismoaren garai beltzenetan egin zen ezagun, plazaz plaza, zentsuraren gainetik. Jon Lopategirekin batera, gai politikoez ere kantatu zuten eta, ordainetan, debekuak eta kuarteletako egonaldi batzuk ere ezagutu zituzten, Bertsoa.eus atariak jaso duenez.

Lau aldiz finalista izan zen Txapelketa Nagusian, 1960, 1962, 1980 eta 1982 urteetan, eta 1961ean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen.