Alaphilippek irabazi du Itzuliko aurreneko etapa, esprintean
Esprintean Primoz Roglicen (Lotto NL-Jumbo) aurrean nagusituta, Julian Alaphilippek (Quick-Step) irabazi du Euskal Herriko Itzuliaren 58. edizioaren lehen etapa, Zarautzen hasi eta bukatu dena (162,1 kilometro). Txirrindulari frantziarra da lehen liderra.
Alaphilippe eta Roglic elkarrekin iritsi dira Zarauzko helmugara eta txirrindulari frantziarra izan da esprintean nagusitu dena, Itzuliko lehen lidergoa bereganatuz.
23 segundura iritsi da lehen taldea, Astana taldeko Pello Bilbao buru zela. Hamabi txirrindulariko talde horretan joan dira, esaterako, Mikel Landa eta Nairo Quintana (Movistar), Gorka Izagirre, Enric Mas, Rigoberto Uran eta Romain Bardet. Talde hau 23 segundura iritsi da helmugara eta liderrarengandik 33 segundura daude sailkapen nagusian.
Atzetik iritsi dira Ion izagirre, Vincenzo Nibali eta Michael Woods. 51 segundura helmugaratu dira eta 1.01era daude sailkapen nagusian. .
Bihar bigarren etapa izango da jokoan, Zarauztik abiatu eta Bermeon helmugaratuko dena (166,7 kilometro).