INFO

Vivianik esprintetako nagusitasuna berreskuratu du

Elia Vivianik aise irabazi du Giroko 13. etapan eta azken egunetan Sam Bennettek eztabaidatu dion nagusitasuna berreskuratu du. Biharko Zoncolango etaparen aurretik, sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan. (Sailkapenak, etapak... Informazio guztia NAIZen webgune berezian).

Elia Vivianik hirugarren garaipena lortu du Giroan. (@giroditalia)

Giro honetako lehen bi esprintak alde handiaz irabazi ostean, Elia Viviani azken aukeretan itzaltzen ari zela zirudien, eta Sam Bennett, aldiz, goraka zetorrela. Gaur, aldiz, italiarrak pedal kolpea berreskuratu egin du eta bina etapako berdinketa bere aldera hautsi du, hirugarrena poltsikoratuz.

Ez da ihesaldia hartzeko borroka handirik izan gaurkoan, eta boskote bat nabarmendu da lehen kilometroetatik. Tartean, Giro honetan bigarrenez, Markel Irizar oñatiarra sartu da. Lan bikaina egin dute lasterketa buruan, baina tropelak uneoro izan ditu kontrolpean. Honela, azken kilometroetan sartzerako, tropelak irentsi egin ditu eta esprinta ziurtatu dute.

Lotto-Jumbo taldeak bere trena ezarri du tropel buruan eta Bennett Viaviniren gurpila hartzen saiatu da, baina lortu ez. Kilometroren falta mugimendu ederra egin du Marco Coledan italiarrak, baina esprinta abiatu dutenean aukerarik gabe geratu da. Sacha Modolo izan da aurre hartzen lehena, baina Vivianik tokia egitea lortu du eta nagusitasun osoz etapa irabaztea. Bennett bigarren sailkatu da, oso atzetik abiatu duen esprint batean.

Sailkapen nagusian ez da inongo aldaketarik izan. Bihar beste kontu bat izanen da. Munduko mendate gogorrenetako bat den Zoncolanen aurkituko du Giroak biharko helmuga, eta bertan erakutsi beharko dute lasterketako indartsuenek Roman arrosaz janzteko aukerarik duten edo ez.