INFO

Poliziak Biarrizko kaleak hartu ditu G7aren goi-bilera prestatzeko hitzorduaren harira

Heldu den udan G7 taldeak Biarritzen egingo duen goi-bilera prestatzeko Jean-Yves Le Drian ministroa eta 150 enbaxadore hirian daudela-eta, segurtasun neurri handiak hartu dituzte. Herritarrek, tartean «txaleko horiek» eta Bizi! mugimenduko kideek, kalean protesta egin dute eta hainbat unetan Poliziak gasa eta gomazko pilotak jaurti dizkie.

Poliziaren presentzia oso nabarmena da Biarritzen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Mobilizazio nagusia 12.30etarako Clemenceau plazan egitekoa zen arren, goizeko lehen ordutik kalera atera dira herritarrak protesta egiteko. Ordurako Biarrizko kaleak hartuta zituen Poliziak. 

«Txaleko horien» presentzia nabarmena da eta Poliziak estuki bijilatzen ditu.

Biarritzera joan da Jean-Yves Le Drian Kanpo Harremanetarako eta Europarako ministro frantsesa, besteak beste, 150 enbaxadore hartuko dituena, 2019ko udan G7 taldeak bertan egingo duen goi-bilera prestatzeko lanen baitan. Emmanuel Macron presidentea zen Biarritzen egotekoa, baina atzo utzi zuen bidaia bertan behera. Bertako hautetsiek egin diote harrera.

Segurtasun neurri handiak hartu dituzte eta erdigunean trafikoa moztu dute. Lurrazpiko aparkalekuak ere itxi egin dituzte. 

Tentsio uneak ere izan dira, izan ere hainbat «txaleko horik» poliziei iskin egin eta Bellevue zentrora hurbildu dira, segurtasun eremuan sartuta. «Macron demission» eta «Gora Euskal Herria» oihukatu dute.

Une batean, gas negar-eragileak erabili ditu manifestarien aurka.

Ordu batak aldera, manifestari altermondialista, antikapitalista eta «txaleko horiek» bat egin dute eta Poliziaren hesiak gaindituta, Clemenceau plaza hartu dute.

Poliziaren erantzuna negarra eragiteko gasak jaurtitzea izan da berriro ere.

Emakume bat artatu behar izan dute gasaren ondorioz.

Gomazko pilotuak ere erabili dituzte poliziek.