Arte garaikidearen salerosketa sustatzeko, Neguko Arte Azoka
Enebada galeriak eta ARTgia sorgune & aretoak indarrak batu dituzte berriro ere beste azoka bat sustatzeko. Neguko Arte Azokak, artearen salerosketari bultzada eman eta Arabako artisten erakusleiho izateko jaiotako ekimenak, ateak zabalik ditu Gasteizen.
«Artisten erakusleiho izateko jaio ginen, artistaren eta publikoaren artean zubi berriak sortzeko eta artea oparitu nahi dutenentzako aukerak parez pare zabaltzeko», azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak. «Sortzaile plastikoentzako behar-beharrezkoa zen azoka», haren esanetan.
Bigarren edizioa da. «Ideia bururatu zitzaigunean ona iruditu zitzaigun, baina lan asko genuenez, zokoratua izan genuen Eduardo Urra ezagutu genuen arte. Bera da Enebada arte galeriako arduraduna eta gure artean sinergiak sortu ziren, biok Gasteizko auzoetan, erdialdetik at dauden arte galeriak ditugulako eta polita iruditu zitzaigun gabonei begira baina etorkizunari begira bereziki horrelako ekimen bat bideratzea», kontatu du Endika Caño ARTgia sorgune & aretoko kideak.
«Handik gutxira Kristina Urizarbarrena agertu zen eta oso antzekoa zen ideia proposatu zigun, hitz egindakoaren lerrotik zihoana. Orduan erabaki genuen gure indarrak batu eta ametsak errealitate bihurtzea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea», dio Eduardo Urrak.
Erakusketa azaroaren 29an ireki zuten Zaramagako Enebada! arte galerian eta bertan abenduaren 20a arte egon zen ikusgai. ARTgia sorgune & aretoan abenduaren 13an inauguratu zen eta urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik. «Artistek artelan ezberdinak izan dituzte ikusgai Enebadan eta ARTgian. Helburua kultura erabiltzaileak bietara gerturatzea izaki, produktu ezberdinak egongo dira bata eta bestean ikusgai eta areto bakoitzak bere atmosfera propioa garatuko du horrela», azaldu du Urizarbarrenak.
Hemezortzi dira orotara erakusketa honetan parte hartu duten artistak, besteak beste, Nerea Mauleon, Ania Buruaga, Kruzart, Eduardo Urra, Irantzu Lekue, Sonia Ruiz de Arkaute, Eduardo Alsasua, Bildotsne Arrizabalaga, Nathangar Skateboards, Aitor Salazar, Alessandro Zobaranne, Adriano Berera, Angel Ramirez, Ines Ortiz de Zarate... besteak beste. «Ibilbide ezberdinak dituzten artistak tartekatu nahi izan ditugu. Ibilbide oso emankor eta ezagunak dituztenak daude, baita emergenteak ere. Esperientzia eta gaztetasuna. Arabako artisten oraina eta geroa. Horregatik ere ahalegin berezia egin nahi izan dugu formatu ezberdinak lortzen kultur erabiltzaileek ere pieza ezberdinak izan ditzaten eskura», esan du Urrak.