INFO

Sarrikue auzoa Santutxu eta Txurdinagarekin konektatzeko busa eskatu dute

EH Bildu eta Udalberrik udal taldeek salatu dute Sarrikue auzoan oraindik lan handiak daudela egiteko, gehienak irisgarritasunarekin lotuak, eta Santutxu eta Txurdinagarekin konektatzeko busa eskatu dute.


EH Bilduk eta Udalberrik martxoko osoko bilkuran eskatuko du Sarrikue, Arabella eta Remarreko auzokideentzat Santutxu eta Txurdinagarekin lotuko dituen Bilbobusa martxan jartzea, eta Camino Atxeta-n dagoen bus geltokiaren ingurunean kaltzada jartzea.

Gogoratu dutenez Sarrikue inguruneko auzokideek denbora luzea daramate auzoaren irisgarritasuna eta espazio publikoaren mantentze lanen egoera salatzen. Besteak beste, polikiroldegiak, osasun zentroak edota barruti zentroak falta dira auzoan auzokideen esanetan.

Hori dela eta, Udalberri eta EH Bildu udal taldeek Sarrikue, Arabella eta Remar oinarrizko zerbitzu publikoekin lotzeko beharra ikusten dute.

Amaia Arenal Udalberriko zinegotziak azaldu duenez, «auzokideek gaur egun Bilbobuseko 22. lerroa eta Bizkaibuseko A3521 uztartu behar dituzte osasun zentroetara heltzeko. Aintzat hartzekoa da transbordo honek haientzat zein kostu duen, kontuan hartuta tiketa bateratuta ez dagoela».

Bestalde, Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, azpimarratu duenez «agintaldiaren amaieran gaudela, eta Sarrikue, Arabella eta Remar auzoen adibideak agerian uzten duela EAJren gobernuaren kudeaketak zein gabezia dituen Bilboko auzoetako inbertsioari dagokionez. Hemen ere beste auzoetan ematen diren irisgarritasun, mugikortasun edota ekipamendu faltaren arazoak errepikatzen dira».