INFO

Dantz Festival jaialdiak bere 3. edizioko egitarau osoa aurkeztu du

Berrikuntza bezala, Sagueseko Bakearen Usoaren parean Dantz Point gunea jarriko dute jaialdiak zuen hutsune bat betetze aldera. Bertatik DJak eta zuzeneko musika entzun ahalko dugu. Aurten bi DJ izango dira.

Normalean jaialdia Aste Nagusiaren baitan antolatzen dute, baina aurten aste batzuk atzeratu dute. (Iñigo URIZ / FOKU)

Aurten, jaialdia musika elektroniko eta garaikidearen arlo estetikoenean zentratu da. Ostegunean hasi eta larunbatera arte Donostian ospatuko duten jaialdiaren hirugarren edizioa. Abuztuaren 29an beroketa saio bat egingo dute Zurriolako hondartzako txiringitoan.

Berrikuntza bezala, Sagueseko Bakearen Usoaren parean Dantz Point bat egingo dute. Bertan Mkol eta Anartz musika jartzen arituko dira. Dantz Point ekimen berri bat da egonkortzen ari den proiektu honetan zegoen hutsune bat betetze aldera sortu dutena. Txoko horretara DJak eta zuzeneko musika eramango dute aurrerantzean. Ekimen honek artea, arkitektura, natura, turismoa, abangoardia, kultura, teknologia berriak, historia-ondarea eta beste hainbat arlo uztartzen ditu.

Bestalde, abuztuaren 30 eta 31n Tabakaleran eta Gasteszenan ospatuko dira festibaleko gainontzeko ekitaldiak; eguneko programa Tabakaleran izango da eta gauekoa, berriz, Gasteszenan. Ostiralean, 17.00etatik aurrera, Tabakalerako Nestor Basterretxea plazatik pasatuko dira Magnolia, Anderetx, Gela eta Pizky, eta Kutxa Kultur plazatik Arcanoid eta Harri Baden. Emanaldi guztiak doakoak izango dira, Patioan izango direnak ez bezala: Jai tiruriru (20.00ak), Matian Aguayo (21.15) eta Esprendor Geométrico (23.00) –15-17 euro–. Gasteszenako kontzertuak gauerdian hasiko dira eta 6.00ak arte luzatuko dira: Tuber, Kastik, Oscar Mulero eta Paralax (18-20 euro).

Larunbatean egitarauak formula berdina jarraituko du: Nestor Basterretxea plazan Bellaca y Joven Mata, Atodamadre, Mario Azurza eta VilaXXX; Kutxa Kultur Kluban WLDV, Telephasycx, Actriq eta Vacuum Exploration; Patioan Aitor Etxebarria, Reykjavik606 & Inesfera eta Overmono; eta Gasteszenan Alvva, Sega Sound Killers, Max Abysmal eta Carista.