INFO

Geroako bazkideek salatu dute ezin dutela dagokien dirua «nahi bezala» berreskuratu

Geroa Pentsioak-eko bazkide erretiratuek estatutuak aldatzeko eskatu diote enpresako zuzendaritzari ostegun goizean egindako elkarretaratzean, dirua erretiratzeko 45.000 euroko muga ezartzen dutelako. Horren ondorioz, diru-muga horren gainetik kotizatu duten bazkideek ezin dute beraien pentsio osagarria nahi bezala berreskuratu. Patronalaren «diskriminazioa» salatu dute.

«Agraviados por Geroa» plataformaren elkarretaratzea. (Jon URBE/FOKU)

‘Agraviados por Geroa’ plataformak elkarretaratzea egin du ostegun eguerdian Donostian Geroa Pentsioak EPSVri estatutuen aldaketa bat eskatzeko. Iazko uztailean sortu zen plataforma, salatzeko pentsio osagarriak kudeatzen dituen enpresa honek ez diela aukerarik ematen erretiratutako bazkideei, 45.120 euro baino gehiago metatu badituzte, beraien dirua nahi bezala kudeatzen.

Hortaz, diru-muga hori gainditzen ez duten erretiratuek beraien dirua berreskura dezakete errenta edo kapital gisara; 45.000 euro baino gehiago metatu dutenek, aldiz, hileroko errenta gisa soilik kobratu dezakete diru hori: 188 euro hilero, 20-25 urtetan.

Geroaren zeregina enpleguaren Gizarte Segurantzarekiko prestazio «osagarri» bat sortzea da. Gipuzkoan, 110.000 bazkide ditu Geroa Pentsioak-ek.

Jose Mari Lazkano plataformako kideak NAIZi adierazi dionez, «diskriminazioa» ikusten dute Adegi patronalaren jokabide honetan. «Langile guztiok betebehar berdinak ditugu, baina ez eskubide berdinak», dio.

Lazkanok kontatu duenez, Adegi patronalak dio diru-muga hori estatutuetan zehaztuta dagoenez, ezin dela aldaketarik egin, eta enpresa batzordeko sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) bat egiten dute patronalarekin zentzu honetan. «Ez sinestekoa da, ezin da ulertu», agertu du plataformako kideak.

Egun, 1.600 pertsona dira Agraviados por Geroa plataformako kide, gehienak erretiratuak, baina baita aktiboan segitzen dutenak ere. Horietatik gehienak metaleko sektorekoak dira, izan ere, Jose Mari Lazkanok esplikatu duenez, duela 25 urte inguru Geroa Pentsioak metalgintzaren sektorea kudeatzen zuen soilik, baina egun beste hogei sektoreren ardura ere badu. Horregatik, metalgintzako langile askok pentsio osagarrien enpresan duten antzinatasunagatik, 45.000 euroko muga gainditzen dute eta ezin dute, beraz, dagokien dirua berreskuratu, ezpada 188 euroko hileroko errentaren bidez.

«Peccata minuta»

Geroa Pentsioak-eko zuzendaritzari galdetuta ea zer gertatuko litzatekeen bazkide erretiratuek kolpean diru guztia erreskatatuko balute, enpresak erantzun zuen ez lukeela kalte larririk ekarriko, ekonomikoki jasan dezakeen operazioa izango litzatekeelako. «Peccata minuta izango litzake hori enpresarentzat», esan du Lazkanok.

«Adegiri eskatzen diogu diskriminazio hori ezabatzeko, bakoitzak kudeatu dezala bere dirua nahi duen moduan», aldarrikatu du.

Otsailaren 9an Geroa Pentsioek kaltetutako bazkideek asanblada egin zuten, eta bertan erabaki zuten «ekintzara» pasatuko zirela. Hala, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, Geroaren egoitzaren aurrean, eta Lakuako Gobernuaren ordezkaritzekin kontaktuan jartzeko asmoa ere iragarri zuten.

Bestalde, martxoaren 17an patronala eta sindikatuak metalaren hitzarmena negoziatzera elkartuko dira, eta bertan izango dira plataformako kideak, aipatu bezala, zuzendaritzari estatutuen aldaketa eskatzeko eta «dismkriminazioa» deritzen egoera honekin amaitu dezatela galdegiteko.