INFO

Etxerik gabeko pertsona bat zendu da Bilbon, LABek salatu duenez

Koronabirusak eragindako osasun krisian ezarritako konfinamenduaren neurria bete dadin etxerik gabeko pertsonentzat ireki zuen Bilboko Udalak Miribilla kiroldegia, eta bertan hil da kalean bizi zen Said, asteazken honetan.

Basaurin orain hiru urte etxerik gabeko pertsona baten heriotza salatzeko ekitaldia. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Kalean bizi zen pertsona baten heriotza salatu du LAB sindikatuak. Bilboko Miribilla kiroldegia etxerik gabeko pertsonek konfinamendua bertan pasa dezaten egokitu zuen Udalak, eta bertan hil da Said.

Saidek, antza denez, ez zuen koronabirusarekin lotutako sintomarik, hala ere, zentralak adierazi du heriotza hau ez dela «naturala», zenbait komunikabidek agertu duten bezala; kontrara, «pobrezia eta bazterketa sozialeko egoeran» gertatutako heriotzek «arduradun zehatzak» dituzte sindikatuaren iritziz. «Pobrezia inoiz ez da heriotza naturalaren kausa», iritzi du.

«Eredu kapitalista neoliberalaren ondorio zuzena da; gainera, berriro ere ikusi dugu nola Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babes sozialeko sistemen defizientziak argi geratu diren», adierazi du sindikatuak.

Modu berean, elkartasuna, babesa eta aitorpena adierazi die zerbitzu sozialetako langileei eta herri eta auzoetan elkartasun sareetan antolatu eta lanean ari diren milaka herritarrei. «Lehenengo lerroan dauden langile hauek gabe eta sareetan artikulatu den herri indar hori gabe, Covid-19ak eragindako krisia askoz gogorragoa izango litzateke kolektibo zaurgarrienentzat», esan du LABek prentsara igorritako ohar batean.