INFO

Itziar Ariztimuñok Gernikan jarraituko du datorren denboraldian

Antolatzaile bilbotarra ez da talde bizkaitarrean minutu gehien jokatzen duen jokalaria, baina klubetik nabarmendu nahi izan dutenez, «bere jokoa zenbaki hutsek erakusten dutena baino askoz haratago doa»

Itziar Ariztimuño, komunikabideen aurrean hitz egiten (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Lointek gernika Bizkaia taldea ere hasi da datorren denboraldiko taldea eraikitzen, eta eman duen lehen albistea Itziar Ariztimuñoren kontratu berritzearena izan da.

Ariztimuñok 21 urte ditu, 1'67 metroko altuera du eta antolatzaile postuan jokatzen du. Ez da talde bizkaitarrean minutu gehien jokatzen duen jokalaria, baina klubetik nabarmendu nahi izan dutenez, «bere jokoa zenbaki hutsek erakusten dutena baino askoz haratago doa».

Azken denboraldian, esaterako, 12 minutu jokatu zituen partidako bataz beste, 2'3 puntu sartuz eta errebote nahiz asistentzia bana lortuz. Baina taldeak beste arlo batzuetan egiten duen ekarpena saritu nahi izan du.

«Aulkitik irtetzen den bakoitzean neurketen erritmoa aldatzen du, bai defentsan egiten duen lanagatiuk eta baita erasoari ezartzen dion abiaduragatik ere, taldearen ezaugarri nagusia, hain zuzen ere», dio klubak zabaldutako oharrak.

Jokalari bilbotarra ere «pozik» agertu da Gernikan jarraitzeko aukeragatik. «Goi mailan ikasten jarraitzeko aukera bat da, eta niretzat ohorea da Bizkaiko gaztetxoentzat erreferente izatea, saskibaloian jokatzen ilusioz jarraitu dezaten».

RPK ez da izango Araskiren babesle nagusia

Araskik, bestalde, jakitera eman du RPK kooperatibak ez duela bere babesle nagusia izaten jarraituko, nahiz eta klubari lotuta jarraituko duen beste modu batera.

«Osasun krisia krisi ekonomiko bilakatu da gure industria jardunean, eta alde batera egin behar izan dugu egoera honetatik ahalik eta azkarren irten ahal izateko», adierazi du Arabako kooperatibak erabakia azaltzeko.