«Zerga erreformari heldu ezean diru gutxiago egongo da behar sozialetarako»
Garbiñe Aranburu (Legorreta, 1973) LABeko idazkari nagusia da 2017ko maiatzetik. Aurretik, Ekintza Sindikaleko eta Negoziaketa Kolektiboko idazkaria izan zen. Langileentzat une zailak diren honetan, uste du ezin dela ezer egintzat eman eta sistema ekosozialista eta ekofeminismorako urratsak eman behar direla.
«Egoera kezkatzekoa eta ezinegona sortzen duten garaiak dira aurreko krisialdia datorkigulako gogora», dio Aranburuk egoeraren diagnostikoa egiterakoan. Ondorio guztiak langileriaren bizkar gainean jartzen ari direla uste du. Zerbitzu publikoak indartzea, pribatizatu diren horiek publifikatzea eta zerga erreformari behar bezala heltzea planteatzen du LABek.
Zer egin behar da langileek ez ordaintzeko krisi hau?
Orain uste dugu ezin dela gidoi hori errepikatu, badaudelako elementu berriak eta desberdinak krisiarekin alderatuz eta horregatik, aukera garai bat dela pentsatzen dugu. Bi arrazoi nagusigatik: lehenengo arrazoia da gero eta langile gehiagok ikusten dutela sistema kapitalista hau ezin dela berreraiki eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten aldeko apustua egin behar dela.
Bestalde, sistemak gero eta zailtasun gehiagorekin topo egiten du; planetaren mugak hor daudelako eta zailagoa delako gainprodukzioan eta ekonomia globalizatuan oinarritzen den eredu honi eustea. Honek guztiak eramaten gaitu aukeraz beteriko momentuak direla ere esatera baina oso kontziente izanik, aukera horiek benetan gauzatu daitezen, lantokietako borroka sindikalak ugaritu, kaleko mobilizazio soziala indartu eta instituzio publikoetan politika publikoak aldatzeko borroka egin beharko dela.
Behin-behineko lanaldiak eta azpikontratatutakoen lanpostu ugari galdu dira.
Beharrezkoa da enpleguari eusteko plan integral bati buruz hitz egitea eta horretarako proposamenak luzatu dizkiegu bi patronalei, Confebask eta CENi, eta baita Gasteizko eta Iruñeko gobernuei ere.
Iruditzen zaigu beharrezkoa dela ematen den dualizazio horretan mugak jartzea, beste lan harreman eredu bat eraikitzea. Bi lan erreformak, baina batez ere kaleratzeak erraztu zituen 2012koa, bertan behera utzi behar dira. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu Madrilen EH Bilduk PSOE eta Podemosekin lorturiko akordioa baina bete egin behar da. Enpleguari eusteko urrats garrantzitsu bat izango litzateke.
Luzatu diren ABEEE askok iraungitze data izango dute.
Aldi baterako enplegu espedienteen erregulazioen (ABEEE) soldatak osagarritzeko akordioa oso motz geratzen da, langile guztientzat ez delako izango ezarri diren baldintzengatik eta, garrantzitsuena dena, enplegu suntsiketari mugarik ezartzen ez zaiolako; hau da, ez du bermatzen ABEEE horiek EEEetan edo kaleratzeetan bilakatuko ez direnik. Gainera, ez dugu konpartitzen nola finantzatuko den, soilik diru publikoarekin, patronalak ez du ezer jarriko. Ez da kasualitatea gaur egungo baldintzetan luzatzeko indar gehiena patronalak (CEOE) egitea, onartuak dauden bezala onuragarri suertatzen ari zaizkielako.
ABEEEak aplikatzea neurri ona iruditu zitzaizuen?
Badu elementu positibo bat eta da langabezia ez duela jaten langileak. Diru publikoaren kontura aplikatu dira eta patronalari oso merke atera zaio; pentsatzen dugu patronalari gehiago eskatu ahal zitzaiola. Lanpostu suntsiketa bat ere geldiarazi du, hasiera batean. Egia da langileei suposatzen diela sakrifizio bat, ez baitakite enplegua bermatuko zaien.
Bazegoen beste alternatibarik?
Guk bai pentsatzen dugu patronalari gehiago eskatu ahal zitzaiola. Patronala esaten dugunean ari gara elite enpresarialei buruz. Enpresa handiak onuradun handienak izan dira eta gehiago eskatu ahal zitzaiola uste dugu. Konfinamendua kapitalaren neurrira egindakoa izan da, kapitala eta bizitzaren arteko talka areagotu egin da kapitala babestu dutelako.
Erresidentziak ere jomugan jarri ditu krisi honek.
Agerian geratu da zaintza arloak behar bezala konpondu gabeko auzi bat izaten jarraitzen duela, ez direla behar bezala aitortuak izan, ez direla behar bezala berrantolatu eta behar bezala banatu eta zaintza lanak ere merkantilizatu egin direla.
Balkoietan egon gara oinarrizko zerbitzuetako langile horiek txalotzen. Txaloak oso ondo daude baina txalo horietatik beraien lan baldintzak duintzeko borrokara pasatu behar dugu. Sektore publiko indartsu bat, pribatizatuak izan diren hainbat zerbitzu, tartean adinekoen egoitzak, publifikatzeko plan bat behar da. Eta guzti horren antolaketa ez egitea ikuspegi merkantilista batetik, hau da, erabiltzaileen eta zerbitzuaren beharrak kontuan hartzea. Datozen hilabeteetako borroka nagusietako bat izango da.
Lakuako Gobernutik langile publikoei esfortzu bat egiteko eskatu zitzaien. Dirua egon badago zerbitzu publikoak sendotzeko?
Zorpetze bat eman da administrazio publikoan baina, zorpetze hori murrizketa berrietan bilakatu ez dadin, ezinbestekoa da diru gehiago biltzea eta diru hori modu mailakatuan sistema aldatzeko izatea. Ezinbestez, behar sozialetarako diru gutxiago egongo da zerga erreformari heldu ezean.
Europarekin alderatuz presio fiskal txikiagoa daukagu, Hego Euskal Herrian %30aren bueltan dabil presio fiskala eta Europako batez bestekoa %39 inguru da. Ikusten dugu tarte izugarri bat dagoela zerga politikaren bidetik diru gehiago biltzeko eta behar sozialetara bideratzeko.
Lau neurri zehatz planteatu ditugu. Lehenengoa, aberastasunaren gaineko zerga berri bat sortzea; gaur egun %1 bakarrik da. Bigarren neurria da PFEZ sistema aldatzea, ekitatiboagoa izateko. Gaur egun laneko errentek ordaintzen dutelako gehiena eta ikusten dugu kapital errentei tasa handiagoa aplikatu ahal zaiela. Hirugarrena da sozietateen gaineko zergan, azken urteetan, tipoa murrizteko emandako erabakiak atzera botatzea eta kenkari sistema bertan behera uztea. Azkenik, iruzur fiskala kontrolatzeko neurri eraginkorrak martxan jartzea.
Europako Batasunetik zein neurri etorriko dira?
Orain arteko zantzuek esaten digutena da 2008ko bidearen oso antzekoa izango dela, austeritatearen bide horretatik jarraitzeko aukera bat hor dagoela. EBk eramaten duen politika ikusita nekez aurreikusi dezakegu politika neoliberaletan sakontzea ez den bestelako erabakirik etorriko denik, nahiz eta beste modu batera formulatua etorri. Letra txikia ondo irakurri beharko da troikaren politikak egotea oso posible delako.
Defizit arauak indargabetu ditu orain eta prest agertu da 700.000 milioi euroko plana bideratzeko. Ez dakit honek are gogorrago izango diren albo-kalteak ekarriko dituen.
Badaude ahots batzuk esaten dutenak berriro ere espainiar Estatuak erreskate bat bizituko duela, nahiz eta agian beste izen batekin deitu. Alarma egoeran zehar ikusi da ze hauskorra den eraikia dagoen gure marko juridiko politikoa. Krisi honetatik ere ateratzen gara estatu propio bat izatearen garrantzia eta behar horrekin.
Birus batek kolokan jarri du sistema, baina ez duzu ikusten jendea ezkor dagoela beste sistema bat aldarrikatzerako orduan?
Prekarizazio prozesua etekinak lortzeko modu bat da baina baita ere dominazio sistema bat. Honen eraginpean geundela etorri da krisi berri bat eta erronka berriak. Etsipenaren eta faxismoa eta ultraeskuinaren gorakadaren arriskua badago.
Guri tokatzen zaigu alternatibak badaudela sinetsaraztea eta horrek eraman behar gaitu ondo uztartzera borroka defentsiboak eta ofentsiboagoak. Baikortasunerako elementuak badaude. Euskal Herrian borroka sozial ugari egin dira –pentsionistak, mugimendu feminista, gazteak, krisi klimatikoaren kontrakoak– eta horiek guztiek greba orokorrera eraman gintuzten. Greba orokorra ofentsibara planteatzen genuen. Ikusten duguna da herri honetan dagoen gehiengo sindikal eta sozial horrek gero ez daukala islarik gehiengo instituzionalean.
Eta zer pasatzen da hori ez emateko?
Gertatzen dena gertatzen dela ere ez dela ezer aldatuko pentsaera instalatu da. Hala ere, irudipena dut EAJren hegemonia hori ez datorrela bat EAEko gizartearen pentsamoldearekin. Hor ere joan dira mito batzuk erortzen: gestore onaren mitoa, izan dituzten korrupzio kasuak, De Miguel auzia, Osakidetzako EPEak, Zaldibarren gertatutakoa. Zaldibarren ere argi ikusi da eredu baten porrota. Euskal oasirik ez dela existitzen gero eta barneratuago daukagu. Erronka bat da kalean dagoen gehiengo horrek isla bat izatea erakundeetan.
Azken urteetan askotan aipatu izan da duintasuna hitza. Hitza bera ez al da indarra galtzen ari?
Gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsioen kasuan zifra oso zehatzak daude eta hori jada nahiko barneratua dago gizartean. Borroka horiek oraindik ez ditugu irabazi. Lanaldi murrizketak ere hartu behar du zentralitate bat emango den digitalizazio eta robotizazio baten aurrean, horrek enplegu suntsiketa bat ekarriko duelako.
Gazte eta sindikatuen artean deskonexio bat egon dela nabari duzue?
Lan harremanetan ematen ari diren aldaketak 80. hamarkadatik datoz. Hainbat lan erreforma inposatu dira eta prekarietatea legezko bihurtu da. Horrek ekarri du gero eta langile kolektibo gehiago ohiko sindikalgintza klasikotik kanpora egotea, harreman kontraktualak aldatzen joan direlako –hauek batez ere gazteei eragin diete– eta kolektibo batzuk, adibidez etxeko langileak, inoiz ez direlako egon erregimen orokorrean.
Horren guztiaren helburua da, prekarietatean sakontzeaz gain, sindikalgintza ahultzea. Oso nabarmena izan da azken bi urteetan negoziazio kolektiboari egin zaizkion erasoekin. Sekulako erronka daukagu bitarteko eraginkorra dela erakusteko langileria osoaren tresna bezala.
Langileen bizi baldintzetaz arduratu behar gara. Prekarizatuak dauden eta ohiko sindikalgintzaren ertzetan gelditzen diren langile kolektibo horietara iritsi behar gara. Riders delakoen kasuan zein eskaintza egin behar dugun definitzen ari gara, etxeko langileentzako hitzarmen propio bat egitea proposatu dugu...
Zein da telelanari buruz daukazun iritzia?
Lan harremanetan eman diren aldaketa estruktural guzti horiek oraindik konpondu gabe daude eta batetik etorriko da telelanaren figura eta bestetik robotizazioaren eragina. Printzipioz, telelanari arrisku gehiago ikusten dizkiogu onurak baino.
Batzuentzat kontziliaziorako onuragarriagoa izango da.
Telelan mota ezberdinak daude eta azterketa sakonago bat egiten ari gara. Guk begia jarri dugu printzipioz, covid-19an zehar eman den telelanean. Batez ere emakumeek betetako lanak izan dira telelanera bideraturikoak. Horrek ekarri du, berriro ere, emakumeak etxean gelditzea, emakumeek uztartu behar izatea telelana eta zaintza lanak, emakumeen denbora mugatuagoa izatea… Telelanaren arriskuetako bat da, baita ere, indibidualizazioa bultzatu dezakeela. Erakutsi du telelana eta kontziliazioa ez dela errealitate bat. Fenomeno honek askoz azterketa sakonagoa eskatzen du.
Bartzelonan Nissanen faktoria ixteko erabakia hartu da. Nafarroan edo Araban, Volkswagen edo Mercedesek itxiz gero kolpe latza litzateke. Automobilgintzaren ekoizpen eredua zaharkitua dago?
Multinazionalekiko gehiegizko dependentzia oso nabarmena da automobilgintza bezalako sektoreetan. Hauskortasun bat suposatzen du, horrelako erabakiak datozenean horri mugak jartzea zaila delako. Ekonomia globalizatuaren alde egin da kostu merkeak izateko. Azken urteetan ikerketa, garapen eta berrikuntzara bideratutako diruan ikusten da euskal oasirik ez dela existitzen, Europako parametroekin alderatuz inbertsio txikiena izan baitu.
Horri guztiari buelta eman behar zaio eta oraingo krisi klimatikoaren baitan are eta bistakoagoa da. Ekoizpen eta kontsumo ereduen inguruko gogoeta sakon bat egin behar da eta herri batek bizirauteko zer produkzio sistema behar duen eztabaidatzea behar da. Ekonomia neurtzeko parametroak agian ere aldatu behar dira; balorean jarri behar delako jendartearentzat ze onura dituen ekoizten den horrek, bizitzarako beharrezkoa den bai edo ez. Ekonomia bat neurtzerakoan ere lan produktiboa eta erreproduktiboa kontuan hartu behar da, datu makroekonomikoetan hazkundea egon arren, prekarietatean eta desberdintasun sozialen areagotze bat ematen delako.
Zer gertatu behar da LAB elkarrizketa sozialeko mahaira itzultzeko?
Guk eztabaidari ez diogu beldurrik, eztabaidarako proposamenak ditugu. Azken hilabeteotan bi proposamen bideratu ditugu, guretzako zentralak direnak. Bata zerga politikarena, Aldundiei bideratu dieguna. Eta enplegu plan baterako proposamen bat helarazi diegu bi gobernuei eta bi patronalei. Zergatik ez elkarrizketa sozialeko mahai horietan? Ez dugulako ikusten horren helburua denik langileen interesetan oinarritutako eztabaidak sustatzea. Patronalaren edo gobernuen politikak zilegiztatzeko daude eraikita. Kontziente gara proposamenak egiten ditugunean eztabaidarako direla, adostasunak eraiki egin behar direla. Badakigu ezin direla inposatu.
Patronalak, krisi honetan, erantzukizunei iskin egin die?
Arreta asko jarri da erantzukizun indibidualean, norbanako bezala hartu behar genituen neurrietan. Administrazio publikoaren eta langilegoaren bizkar gainean utzi da krisi hau. Neurri handi batean lortu dute enpresa handiek markatzen dituztelako Madril, Paris, Gasteiz zein Iruñeko gobernuen politikak. Berriro ere eskatuko dute beraientzako onuragarria den diru-laguntza sistema publiko bat; hau da, administrazio publikoa gehiago zorpetzea eta, zerga bidezko diru-bilketa ez badago, honek murrizketak ekarriko ditu. Diru publikoa jartzen da esku pribatuetan inolako baldintzarik gabe eta horrekin nahiko kritikoak gara.