INFO

Liejan amaituko da Ardeetako Klasikoen aroa

Flecha Valona irabazi berri duen Julian Alaphilippe, Primoz Roglic iazko irabazlea eta Eddy Mercksenn marka berdindu nahi duen Alejandro Valverde dira faboritoen zerrendan agrtzen diren txirrindulariak, azkenaldian pelotoia dantzan jarri duten gazteak ahaztu gabe.

Julian Alaphilippe eta bere taldekideak ibilbidea ikuskatzen. (Dirk WAEM/AFP)

Huyko harresitik, Lieja Bastoñara, udaberriko Klasiko handien aroari amaiera emango dio igande honetan lasterketarik zaharrenak. Flech Valona irabazi berri duen Julian Alaphilippe, Primoz Roglic, edota iazko txapelduna eta Eddy Merckxen marka berdindu nahi duen Alejandro Valverde –lau garaipen ditu murtziarrak– dira kontuan hartzeko faboritoen zerrendan sartzen direnetakoen izen batzuk, baina azken hilabeteetan pelotoia dantzan jarri duten gazteen jarduna ere oso kontuan izango da.

Azkenaldian txirrindulariek lasterketa guztietan eman duten ikuskizuna kontuan izanda, bere 259,1 kilometro eta 11 muinoekin, Liejaren 107. edizioak ikuskizun handia eskaintzeko osagai guztiak ditu.

Aipatutako goi mailako txirrindulariez gain, covidagatik kanpo geratu zen UAEk Tadej Pogacar eta Marc Hirschi izango ditu, Ineosek Pidcok, Carapaz eta Adam Yates...

Euskaldunen artean, hiru dira parte hartuko dutenak. Astana taldeko Alex Aranburu eta Omar Fraile, eta Team Bike Exchangeko Mikel Nieve beteranoa.

Ibilbideari dagokionez, azken urteetan lehia azken 35 kilometroetan erabaki izan da La Redoute (223 km) eta Roche-aux-Faucons (245) muinoetan.

Herbeheretarren arteko dema

Emakumezkoei dagokionean, 140 kilometrotako ibilbidearekin lehiatuko den proban, Liejakoak Flecha-Valona zazpigarren aldiz jarraian irabazi berri duen Anna van der Breggen (SD Worx), eta Annemiek Van Vleuten (Movistar) herbeheretarren arteko dema bat dirudi. Biek dakite zer den Liejan irabaztea eta pelotoiko sasoitsuenak dirudite.

Euskaldunen artean, Ane Santesteban Team Bike Exchange taldeko errenteriarra eta Monex taldeko Eider Merino bizkaitarra egongo dira irteeran. Lourdes Oyarbide, aldiz, ordezko bezala dago Movistarren.