INFO

Polizia-operazio batek sarraskia eragin du Rio de Janeiroko favela batean: 25 hildako

Rio de Janeiroko favela batean narkotrafikoaren aurkako polizia-operazio bortitz batek gutxienez 25 hildako utzi ditu, hiriaren historiako «sarraskirik handiena» eraginez. Fiskaltza agenteen jarduna ikertzen ari da.


Ikertzaileek Rio de Janeiroko historiako sarekadarik hilgarriena jotzen dutena eta GKEk «sarraski» gisa definitu duten polizia-operazioa aztertzen ari da Fiskaltza.

Datu ofizialen arabera, 24 pertsona hil dira Jacarezinhoko favelan egin den narkotrafikoaren kontrako operazioan, eta buruan tiro bat jaso zuen agente bat ere zendu da. Horiez gain, hiru uniformedun eta bi zibil ere zauritu dira, gertakariak jazo ziren zonaldetik metroan igarotzen ari zirela galdutako balek jota.

200 agentek baino gehiagok parte hartu zuten polizia-operazioan, eta favela gudu-zelai bihurtu zen, tiroketa handiekin eta helikopteroak etxeen gainean hegan ari zirela.

Bizilagunek hildako pertsonak aurkitu dituzte terrazetan eta kalexketan, eta gorpu asko Poliziaren kamioi blindatu batean kargatu zituzten, AFP agentziak aipatutako auzokideen arabera.

Poliziaren arabera, hilketak, lapurretak edo bahiketak egiteko haurrak eta nerabeak errekrutatzen zituen sare bat desegiteko egin zuten operazioa.

Iturri berak dioenez, Jacarezinhoko narkotrafikoak «gerrilla taktikak» erabiltzen ditu, tartean arma astunak eta uniformedun soldaduak, eta Vermelho komandoaren (Rio de Janeiron jarduera handiena duen talde narkotrafikatzailea) egoitza nagusitzat hartzen da.

AI Amnesty International eta Brasilgo Kongresuko Giza Eskubideen Batzordeak, besteak beste, gogor kritikatu dute operazioa eta «sarraskia» gaitzetsi dute.

Silvia Ramos Segurtasun Publikoko Behatokien Sareko koordinatzailearen ustez, «gaizki planifikatutako operazioa» izan zen eta hasi bezain pronto agente bat hil izanak, «mendeku operazio» bihurtu zuen.

«Nortzuk dira hildakoak? Gazte beltzak»

«Nortzuk dira hildakoak? Gazte beltzak. Horregatik, Poliziak 24 susmagarriri buruz hitz egiten du. Gaztea, beltza eta favela bateko biztanlea izatea nahikoa da susmagarri bihurtzeko », esan dio Ramosek France Presse berri agentziari.

Bestalde, Rio de Janeiroko Polizia Zibilak adierazi du operazioa «oso planifikatuta» egon zela eta halako egoeretarako aurreikusitako protokolo guztiak bete zituztela.

Halaber, gaineratu du bertan «kriminalak, bidegabeak, trafikatzaileak eta hiltzaileak» zeudela eta poliziak «hiltzen saiatu» zirenez eta «eraso bidegabe hori uxatu» besterik ez zutela egin.

Rodrigo Oliveira Poliziako buruak gertatutakoaren inguruan egiten ari diren «aktibismo judiziala» kritikatu du, eta azpimarratu du Auzitegi Gorenak eskatutako protokoloak jarraitu zirela, pandemiak iraun bitartean faveletan horrelako operazioak murriztu baitzituen, salbuespenezko kasuetan izan ezik.

Igarapé Institutuak aipatutako Segurtasun Publikoko Institutuaren datuen arabera, Rioko Poliziak «453 pertsona hil zituen aurtengo urtarrila eta martxoa bitartean», eta kopuru hori «2020. urte osoan hildakoen %36» zen, orduan 1.245 pertsona hil baitzituzten.