Fikzioa ala errealitatea: zer gertatu ote da amaitu berri den Everesteko denboraldian?
Munduko mendi garaienak, denera, 534 igoera jaso ditu; bat bera ere ez oxigeno artifizialik gabe. Nepaleko diru-kutxak 4,2 milioi dolar jaso ditu. Horrez gain, azpimarratzeko da covid-19arekin kutsatutakoen kopurua eta izan diren mehatxuak eta zentsurak.
Behin baino gehiagotan aipatu dugu azken hamarraldi luze honetan Everestek beste itxura bat hartu duela. Ez da berak sortutakoa, baizik eta mendizaleak eta espedizioak eskaintzen dituzten agentziak dira “errudunak”. Oxigeno artifizialaren erabilera neurrigabea, bisitarien kopuruaren hazkunde izugarria, protagonistek utzitako zikinkeria…
“Liga” berri horri ateak zabaldu zizkiotenetik, Sagarmatha edo Chomolugma igotzeko arauak arras aldatu dira. Eta ez dirudi garai bateko itxura hartuko duenik. Alabaina, alpinista gutxi batzuek zirrikituak aurkitzen dituzte; jakina, era autonomoan jarduteko. Eta hori aurtengo ezohiko denboraldian ikusi dugu. Kilian Jornet eta David Gottler-i buruz ari gatzaizkizue. Protagonista hauek ihes egin dute Everestek bizi duen errealitate berritik, eta isilean mantendu duten eskalada batean buru belarri ibili dira. Zoritxarrez, etxera esku hutsik itzuli dira.
Bi alpiniston jarrera hori alde batera utzita, gehiengo osoak izan dituen kirol emaitzen inguruan bi hitz egin behar ditugu. Lehenik eta behin, mendizale atzerritarrek Everest igotzeko jaso dituzten baimenak aipatu behar ditugu. Errekorra izan da: 408. Bitxia da kopuru hori kontuan hartzen badugu mundu osoa bezala, Nepal ere, pandemiaren eraginpean dagoelako. Norberekeria, etika falta… denetarik aipatu da. Hala ere, ehunka mendizale kanpaleku nagusian elkartu ziren. Jakina, kostu bat izan du: dozenaka batzuk covid-19arekin kutsatu ziren. Atzerritarrak zein mendi gidariak eta langileak. Nepalentzat, berriz, beste “kostu” bat izan du: diru-kutxak 4,2 milioi dolar jaso ditu. Herrialde behartsu batentzat diru sarrera izugarria.
Hori gutxi ez, eta Katmanduko agintariek aurrez aurre zuten egoera ez dute ondo kudeatu. Gogoratu behar dugu, pandemiaren leherketarengatik iazko denboraldia hutsik geratu zela. Aurtengoari begira hainbat neurri hartu dituzte, baina hauek guztiak ez dira osasunaren segurtasunean oinarritu. Eta kanpaleku nagusian koronabirusaren agerraldia izan denean, isiltasuna, mehatxuak eta zentsura nagusitu dira. Zenbat kutsatu ote diren? Bada, oraindik ez dira datu ofizialik eman.
534 igoera
Kopurua esanguratsu hori da Everestek jaso duena. Atzo bertan Khumbuko glaziarra ekipatzen duten langileek ibilbidea desegin zutenez, denboraldia amaitutzat eman da eta ez da igoera gehiagorik izango. Seven Summit Treks agentzia izan da ia erabateko nagusitasuna erakutsi duena. Lehen tontorrak agentzia horren langileen eta alpinisten eskutik iritsi ziren. Eta berriro ere errekorra: lehen tontor egunean 67 mendizalek arrakasta lortu zuten.
Hala eta guztiz ere, beste denboraldi batzuetan ez bezala, aurtengo udaberrian izan duten eguraldia berezia izan da. Oso ezegonkorra: gailurreko egunak soilik zazpi izan dira! Eta horiek guztiak ondo aprobetxatu ondoren, 534 igoera lortu dira. Bederen, gai horretan ez da errekorrik ikusi. Duela bi urte, adibidez, 662 tontor erdietsi ziren. Montzoi aurreko denboraldi honetan egin diren gailur guztiak hegoaldeko isuriak duen ohiko ibilbidetik egin dira. Eta mendizale guztiek ala guztiek oxigeno artifiziala erabili dute. Bai, botilarik gabe ez da tontorrik izan. Csaba Varga hungariarra, Colin O'Brady estatubatuarra, Kilian Jornet katalana eta David Gottler alemana saiatu dira, baina, aurreratu dugun bezala, ez dute arrakastarik izan.
Beste kopuru bati ere arreta jarri behar diogu. Everesten magaletan lau mendizale zendu dira. 534 igoera egon direnez, zendu direnen kopurua ez da handia izan; %1 baino gutxiago. Kanpaleku nagusian informazio lanetan jardun duten kazetari batzuek adierazi dute gehiago izan zitezkeela, baina helikopteroen lana erabakigarria izan da; izan ere, dozenaka mendizale ebakuatu dituzte.
Pemba Tashi Xerpa Khumbuko glaziarrean izaniko eroriko batean hil zen. Abdul Waraich suitzarra, Puwei Liu estatubatuarra eta Won Dorchi Xerpa nepaldarra, indarrak ahituta, mendiaren goi aldean zendu ziren.
Hiru errekor
Eta amaitzeko, beste hiru errekorren berri emango dugu. Lehena, Kami Rita Xerpak lortu duena. Ziur aski, errekor mediatikoena izan da, eta ez da harraitzekoa. Mendizale eta langile nepaldar hori gailurreko bidea soka finkoekin ekipatu zuen taldean egon zen. Lan hori bukatzeko aukera izan zuen, eta, beraz, hogeita bosgarrenez munduko mendi garaienaren tontorra zapaltzeko aukera izan zuen. Ia atsedenik hartu gabe, bigarren ekinaldi bat egin zuen, baina “istripua” iragartzen zuen amets bat izan zuen. Kami Ritak saioa bertan behar utzi zuen. Lauzpabost egunera, Nuptse mendiaren aldatsek eragindako elur-jausi handi batek bigarren kanpalekua harrapatu zuen.
Beste bi mendizale protagonista izan dira ere. Pioneer Adventure agentziarentzat lanean jardun dutenak: Lakpa Gelzzen eta Lakpa Thinduk. Bada, bi xerpa hauek udaberri honetan hirutan igo dute Everest.
Eta azpimarratzekoa den azken errekorra Tsan Yin Hung-ek lortu du. 45 urteko Hong Kong-eko mendizale hori abiadurako errekor femeninoarekin egin da. Kanpaleku nagusia eta tontorra lotzeko 25 ordu eta 50 minutu behar izan zituen. Duela hiru urte Phunjo Jhangmu Lamak sinatutako denbora 14 orduan hobetu du.