INFO

Gasteizko kaleak hartuko dituzte bihar ELAk eta Interinok Taldeak «Iceta Legea»-ren aurka

Hainbat ekimen antolatu dituzte ELA eta Interinok Taldeak asteazkenean Madrilen eztabaidatuko den «Iceta Legea»-ren aurka. Manifestazio batek zeharkatuko ditu, astearte honetan, Gasteizko kaleak euskal alderdiei dekretua «baztertu dezatela» exijitzeko.

Astelehen honetan Lakuak egindako protesta. (ELA SINDIKATUA)

Asteazkenan Espainiako Diputatuen Kongresura iritsiko da Miquel Iceta ministro ohiak sustatutako enplegu publikoaren inguruko errege dekretua. «Milaka eta milaka langile publikoren enplegua kolokan jartzen duen» Lege Dekretu horren aurka protesta egiteko ELAk eta Interinok Taldeak mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte Lakuan.

Astelehen honetan hainbat ekimen egin dituzte eta bihar, asteartea, manifestazio batek zeharkatuko ditu Gasteizko kaleak euskal alderdiei dekretua «baztertu dezatela» exijitzeko, pasa den astean Bilbon izandako mobilizazioan gehiengo sindikalak egin zuen bezala.

ELAk ohar batean azaldu duenez, «enplegu publikoaren inguruko errege dekretua oso larria da, auto-gobernuaren gaitasunean esku-hartze larria eragiteaz gain, sektore publikoko milaka langile kaleratuak izan daitezkeelako. Hamaika arrazoi daude dekretuari ez esateko».

Sindikatuak dioenez, langile publikoen birjartze-tasak ezartzen ditu. «Beraz, Espainiako Estatuak gure herrialdean behar ditugun langile publikoen kopurua ezartzen eta mugatzen jarraituko du».

Eta EAEko behin-behineko «60.000 langile kaleratzeko atea irekitzen du, urte luzez gure herrialdean zerbitzu publikoak aurrera atera dituztenak.Gainera, behin-behinekotasunaren abusua jasan duten langile horiei ez zaie benetan bermatzen poltsetan sartzea, ezta urteko 20 eguneko kalte ordaina ere».

Gainera, ELAren esanetan, «ez da proposatzen benetako neurririk etorkizunean egungo aldi baterako enplegu-tasak, enplegu suntsipena eta arlo publikoaren pribatizazioa berriro gerta ez daitezen saihesteko».

«Horrek guztiak eragin ditzakeen ondorio larriez gain, Gobernuak gabezia demokratiko larriak dituen salbuespenezko bide batetik jo nahi du: Errege-Lege Dekretuaren bidez», gaineratu du.