Bi multzotan jokatuko da Euskal Herria Kopa larunbatetik aurrera
Hamaika taldeek parte hartuko dute Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketaren XI. edizioan. Astik finala hartuko du abuztuaren 29an.
Larunbatean Euskal Herria Koparen XI. edizioa jarriko da martxan. Iaz bezela, Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketak berritasunak izango ditu, pandemiak sortutako egoerak formatoan hainbat aldaketa egitera behartu baitu antolakuntza.
Horrela, bi multzotan banatuko da abuzutaren 14tik 29ra jokatuko den lehia. Alde batetik Euskal Herri osoko zazpi talde arituko dira eta, bestetik, Lehen mailako lau taldeek.
Aurreko zazpiek, B multzoan barnean, hurrengo bi asteburuetan jokatuko dute. Larunbatean, abuztuaren 14an, Mutilberak eta Oiartzunek Mutiloabeitin (12.00) jokatuko dute, Añorgak eta Angeluko Isatsakek Añorgan (18.00) eta San Ignaciok eta Aurrerak San Ignacion (18.00). Bizkerre aske gelditu zen lehen kanporaketaren zozketan eta datorren astean jokatuko den bigarrenean parte hartuko du. Oraindik erabakitzeke daude horren zelaiak eta ordutegiak.
A multzoko taldeek, beren aldetik, borrokatuko dute txapela jantzeko. Finalerdiak abuztuaren 22an lehiatuko dira: Real Sociedad-Alavés Loinazen (12.00) eta Athletic-Eibar Faduran (12.00). Bi partidetako galtzaileek abuztuaren 28an jokatuko dute Azkoagainen (18.00) eta irabazleek finala jokatuko dute Astin abuztuaren 29an (16.00).
Azken orduko aldaketarik ez badago, zaleek norgehiagokak zuzenean ikusteko aukera izango dute. Pandemiaren ondoriozko aginduei jarraituz, zelai bakoitzeko murrizpenak ezarriko dira. Finala, gainera, Euskal Telebistan eskainiko du.
Athletic, nagusi; Reala, alternatiba bakarra
Euskal Herria Kopa 2011an martxan jarri zenetik, Athleticek eta Realak jokatu dituzte final guztiak. Zuri-gorriak nagusi dira palmaresean, hamar edizioetatik zazpi eskuratu baitituzte baina talde donostiarrak azken bietan nagusitu da. Eibar eta Alaves «duopolioarekin» amaitzen saiatuko dira beste behin ere.