INFO

Adriana Cardosok hitzarmena eten egin du Bera Berarekin Txapeldunen Liga jokatzeko

Hitzarmenean irteteko klausulari erreparatuta, brasildarrak Donostiako taldearekin udara arte zuen konpromisoa deuseztatzea erabaki du, egun Txapeldunen Ligan aritzen den talde baten eskaintza onartzeko.

Adriana Cardoso, Bera Berarekin 2020-21 denboraldiko Liga ospatzen. (Jon URBE/FOKU)

Oso jokalari garrantzitsu bati agur esan beharko dio Super Amara Bera Berak, nahiz eta klubak jokalari hori gelditzeko konbentzitzen saiatu. Eta behar dena baino lehenago egingo du, gainera. Izan ere, hitzarmenean irteteko klausulari erreparatuta, Adriana Cardoso brasildarrak Donostiako taldearekin udara arte zuen konpromisoa deuseztatzea erabaki du.

Ondorioz, Bera Berak konpensazio ekonomikoa jaso bezain pronto, Cardoso libre geldituko da. Brasildarrak egun Txapeldunen Ligan aritzen den talde baten eskaintza onartuko duela dio Bera Berak.

31 urte beteta, Europako gorengo txapelketan parte hartzeko azken aukera izan daitekeelakoan dago Cardoso. Bera Berarekin 2013an bakarrik jokatu du Txapeldunen Ligan. Bere selekzioarekin, aldiz, 2019ko Tokioko Mundiala jokatu zuen, pasa den udan Olinpiar Jokoak eta Brasilen zerrendan dago Espainiako Mundialerako.

Cardoso erreferente bat izan da talde donostiarrareko eskuin hegalean eta aldagelan. Izan ere, 198 partidetan 819 gol sartu ditu. Jokalari ez euskaldunen artean golegile nagusiena da eta Bera Beran zazpigarren zerrenda nagusian dago.

Egoera honen aurrean, Bera Berak ez du hutsunea betetzea baztertzen, beti ere «aukera interesagarriren bat izatekotan», azpimarratu du.