INFO

26 ikastetxetako 30 konpainiak hartuko dute parte Donostiako haurren danborrada sinbolikoan

Donostiako Udalak hainbat ekitaldi antolatuko ditu San Sebastian egunaren inguruan, osasun egoerari eta indarrean dagoen araudiari egokituta. Hiritar Merezimenduaren Dominak ekitaldi bakarrean emango dira, datorren asteazkenean, urtarrilak 19, Victoria Eugenia Antzokian.

26 ikastetxetako 30 konpainiak onartu dute haurren danborrada beste formatu batean egiteko proposamena. (DONOSTIA KULTURA)

Donostiako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu San Sebastian Egunaren inguruan, horietako bakoitza egungo osasun egoerara egokituz eta indarrean dagoen araudia betez.

«Nahiz eta erabaki zaila izan», helduen danborrada edo banderaren igoera eta jaitsiera bezalako ekitaldi esanguratsuak bertan behera uztea erabaki du Donostiako Udalak. Aldiz, beste ekitaldi batzuk egokituz mantendu ahal izateko lan egin du, hala nola haurren danborrada, txistularien kontzertua eta egun horren inguruan egiten diren sarien banaketak.

Jon Insausti Kultura zinegotziak zehaztu duenez, 26 ikastetxetako 30 konpainiak onartu dute haurren danborrada beste formatu batean egiteko Udalaren proposamena. 2.965 umek desfilatuko dute Donostiako kaleetan zehar urtarrilaren 20an. Ohiko partaideen %63 izango dira.

Loiolako Erriberak, Erdialdea, Gros, Bidebieta eta Antigua auzoek hainbat kale itxiko dituzte konpainiek Sarriegiren doinuekin batera euren danbor eta upelak astintzeko. Hauek ibilbide desberdinetan banatu dira, eta eguerdiko 12.00etan desfilatuko dute. Hauek dira: Amara–Loiolako Erriberak: Pablo Gorosabel, Bartzelona hiribidea, Gregorio Ordoñez, Corsarios Vascos, Gregorio Ordoñez, Bartzelona hiribidea, Pablo Gorosabel. Erdialdea: Bulebarra, Hernani, Loiola, Arrasate, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Idiakez, Legazpi, Bulebarra. Gros: Nafarroa Etorbidea, Zurriola, Lapurdi, Zurriola, Nafarroa Etorbidea. Bidebieta: Salvador Allende, Serapio Mujika, Julio Urquijo, Serapio Mujika, Salvador Allende. Eta Antigua: Zumalakarregi Etorbidea, Tolosa Hiribidea, Mauleon, Tolosa Hiribidea, Zumalakarregi Etorbidea.

Hiritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra

San Sebastian Eguna dela eta Udalak ematen dituen Hiritar Merezimenduaren Dominak ezohiko formatu batean egingo dira. Hala, urtarrilaren 19an, 19.00etan, Victoria Eugenia Antzokian egingo den ekitaldian banatuko dituzte.

Kokapen berri horri esker, edukierari dagozkion osasun neurriak bermatu ahal izango dira, eta egungo dekretua bete ahal izango da. Oraingo honetan, ikusleen kopurua mugatua izango da, baina ekitaldiak herritarrei irekia egoten jarraituko du. Bertara joan ahal izateko, gonbidapen bat eskuratu beharko da, doan, Donostia Kulturaren sarrerak saltzeko plataformaren bidez (https://tickets.donostiakultura.eus/selection/event/date?productId=101815846494 ) edo Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, ohiko ordutegian (11.30-13.30 / 17.00-20.00), edukiera bete arte.

Ekitaldiaren sarreran derrigorrezkoa izango da covid pasaportea aurkeztea eta maskara uneoro eramatea.

Urrezko Danborra, aldiz, Parisen jasoko du Esther Ferrerrek, Eneko Goiaren eskutik. Bideoan grabatuko dute, eta hilaren 19an Victoria Eugenian egingo den ekitaldian ikusi ahal izango da.

Udal Txistulari Bandaren aldez aurreko kontzertua

Formatu egokitua izango duen beste ekitaldi bat Udal Txistulari Bandaren San Sebastian aurreko kontzertua izango da, igande honetan, urtarrilaren 16an, 12.00etan Antzoki Zaharrean.

Gonbidapenak ostirala eta larunbata bitartean eskatu ahal izango dira Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan. Agortu ezean, Antzoki Zaharreko leihatiletan ere egongo dira eskuragarri kontzertua hasi baino lehen.