INFO

‘Le sommet des dieux’, Malloryren argazki kameraren peskizan eginiko animaziozko lan ederra

Patrick Imbert-ek zuzendutako eta idatzitako lan hau Netflix plataforman ikus daiteke. Jiro Taniguchiren mangan oinarritutako fikziozko gidoi hori 2D teknikarekin egina dago. Oro har, alpinismoaren zein eskaladaren estiloak ondo baino hobeto islatzen ditu.


Mendiak dituen kirol ezberdinei buruz egiten diren pelikulek, eskuarki, irudi ikusgarriak aldarrikatzen dituzte. Erreportaje kutsua dutenak dira, eta genero hori gehien pantailaratzen da. Gidoi sakonak, intimoak, istorio pertsonalak... jasotzen dituztenak ere badira. Baina askoz ere gutxiago grabatzen dira. Eta horien guztien artean, nolabait esateko, mezu ozena jaurtitzen duen generoa animazioa dugu. Bakanak dira; oso-oso gutxi. Alabaina, izaera horietako filmak gero eta indar eta oihartzun gehiago izaten ari dira.

Horietako adibide bat ‘Le sommet des dieux’ (Jainkoen gailurra), dugu; duela gutxi Netflix plataformak ikusteko aukera eman duena. Alde guztietatik aztertuta, Patrick Imbert frantziarrak zuzendutako eta idatzitako lan hau oso-oso biribila, bikaina eta erakargarria da. Eskaladaren eta alpinismoaren ikuspuntutik, aurrera dezakegu irudi zein adierazpen guztiak bat datozela estilo arinarekin eta tradizionalarekin.

Gidoia goitik behera oso ondo bideratuta dago, eta 2D teknika tradizionalarekin eginiko ekoizpen frantses honek ez du batere akatsik. Orohar, ikusten diren paisaiak eta estetika ederrak dira oso; sotilak bezain ikusgarriak. Bitarteko hauei esker, film honek jarduera eta egoera ikaragarri batzuk jasotzen ditu; hau da, errealitatean grabatu ez daitezkeen irudiak dira. Txalotzeko modukoa da, beraz, mina, estresa eta une introspektiboak nola tratatzen dituen.

Gogora dezagun, ‘Le sommet des dieux’-ek Jiro Taniguchiren manga duela ardatz nagusia; hots, Baku Yumemakuraren eleberrian oinarritua dago. Animaziozko lan honek, benetako alpinismoa aldarrikatzeaz gain, argia ikusi nahi duen misterio bat zutabe du.

Malloryren argazki kamera

1994. urtean girotuta dago, eta Fukamachi Makoto kazetaria protagonista nagusia da. Everest mendiaren hego-mendebaldeko isuritik estilo alpinoan ekinaldi bat egin eta gero, Katmanduko taberna batean nepaldar baten aldetik eskaintza berezia jasotzen du. Hain zuzen ere, George Mallory 1924. urtean munduko mendi garaiena lehen aldiz igotzen saiatu zenean galdutako argazki kamera saldu nahi dio.

Ezezkoa eman eta gero, Fukamachik erabakitzen du jarraipena egitea, eta Nepalgo hiriburuko kalezulo batean alpinismotik erretiratuta dagoen Habu Joji argazki kamera hori jasotzen ikusten du. Gertakari horrek, kazetaria zirkulu itxi batean sartzen du; izan ere, Jojiren bilaketarekin obsesionatzen da.

Laburbilduta, flashback-ak lagunduta, ‘Le sommet des dieux’  lanak Everestek duen historia eta Malloryren argazki kameraren misterioa ulertzeko ahalegin berezia egiten du. Indar handiko fikziozko kontakizuna da, eta jorratzen duen istorioarengatik eta animaziozko teknikarengatik pelikula hau koadro batean zintzilikatu beharko genuke.