INFO

Goxoa.eus: baserriko produktuen kalitatea eta harreman justua

Hiru gazte ekintzailek azoka digital bat jarri dute abian, baserritarren produktuak erosi eta etxean jasotzeko. Egitasmoaren oinarria lehen sektorearen garrantzia aldarrikatu eta kontsumo ohiturak aldatzea da. Familiak dituzte lehen helburu, baina enpresak eta jatetxeak erakarri nahian ere ari dira.

Goxoa proiektuaren sortzaileak, ezkerretik eskuinera, Gorka Lizaso, Mikel Arbulu eta Aitor Martin. (Jon URBE | FOKU)

Baserritarren lana aitortu, balioetsi eta haien produktuak familien eskura jartzeko Goxoa.eus azoka digitala sortu dute hiru gazte gipuzkoarrek. Azoka digital bat baino askoz gehiago da, ordea. Lehen sektorearen erronkak eta herritarren kontsumo ohiturak ulertuta, ekoizleen errealitateari erantzun nahi diote gizartean eraginez, kontsumo eta salmenta arduratsua sustatuz.

Oñatin Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduan zeudela hasi ziren ideiari forma ematen Mikel Arbulu urretxuarra, Aitor Martin eibartarra eta Gorka Lizaso zarauztarra. Proiektuak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren interesa piztu zuen eta San Frantziskon (AEB) egin zuten ikasketa egonaldia baliatu zuten merkatu ikerketa bat egiteko. Izan ere, hiri hartan lehen sektoreko ekintzailetza eta iraunkortasunari lotutako egitasmo ugari daude.

Hirurek ekiteko interesa bazuten; ez, ordea, lehen sektorearekin lotura, Lizasok aitortu duenez. «Hiru gazte gara 22-25 urte artekoak; hirurotako inork ez genuen nekazaritza backgroundik; ez zitzaigun arrotza egiten, baina hutsunea genuen». Merkatua ikertu dute eta urteotan sektorearen errealitateaz asko ikasi dute. Ekoizleengan «ezkortasuna» topatu zuten, aurretik halako saioek porrot egin zutelako edo ez zutelako gustura bukatu.

Urtebetez hainbat erakunderekin hizketan aritu ziren eta ikerketa sendo bat egin zuten finantzaketa lortzeko xedez, baina ez zuten lortu. Hala ere, BIC Gipuzkoak harremanetan jarri zituen Fede Pacha bertako produktuen sustatzaile eta Diametro 200 jatetxeko kudeatzailearekin. Egitasmoaren berri eman zioten eta bi aldeen ideiak bat zetozenez, elkarrekin lanean hasi ziren. Duela urtebete sortu zuten enpresa, baina jarduerak bi hilabete daramatza martxan.

Zabaldu eta sakondu

Goxoa.eus azoka digitala izatetik harago doa; zenbait helburu ditu. Batetik, bezeroei dagokienez, hutsune bat betetzea. «Herri batzuetan azoka egunero dago, baina beste batzuetan, astean behin besterik ez. Familiak erdibide moduko batean gelditzen dira, gehienek ezin dute erosi goizetan lana dutelako...», zehaztu du Lizasok. Hala, erosketa oso bat egiteko aukera bermatu nahi diete: barazkiak, esnekiak, haragia, arrautzak... baserritik zuzenean hartuak eta trazabilitatearekin. Baita produktu bereizgarri batzuk ere, adibidez, pasta fresko eta ekologikoa, arroza, olioa...

Halaber, salmenta-bide justua izatea nahi dute. Ekoizleek aukeratzen dituzte salneurriak eta arduradunek ez diete kuotarik kobratzen, «nahiko zapaldua» dagoen taldea baita. Horrez gain, iraunkortasunari ere garrantzi berezia eman diote: oihalezko poltsak eta esnekien beirazko poteak berrerabiliz edo bidalketaren kutsadura aurrezteko, erosketa jasotzeko puntuetan banatuz.

Hego Euskal Herriko baserritarrekin lan egiten dute eta pixkana Ipar Euskal Herrira ere heldu nahi dute. Gaur-gaurkoz 42 ekoizle eta 170 produktu baino gehiago dituzte. Sasoi aldaketarekin barazkiak aldatu dira eta katalogoa berritzen doaz, eskaintza «ez estankatzeko».

Ildo beretik, plater prestatuak barneratu dituzte, astero aldatzen doazenak. Gipuzkoa osora banatzen dute astean lautan ­–astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan–.

Komunikabideetan izan duen oihartzunari esker ekoizle ugari jarri da beraiekin harremanetan, baina oraingoz ezin diete parte hartze eskaerei aurre egin. Salneurriari gehigarri bat jarrita monetizatzen dute zerbitzua, «gehienbat logistika mantentzeko», baina salgai dituzten produktuetako batzuk dendan baino merkeago saltzen dituzte; «gure marjinak txikiagoak direlako, justuak. Hori da gure irabazi iturria; bezeroei kargatzen diegu, baina beste leku batzuetan gastatuko zuketena baino gutxiago da».

Bide ezberdinak lantzen

Negozio ildo nagusia familiei begirakoa bada ere, beste bide batzuk lantzen ere ari dira. Horeca katean sartzen hasi dira Hernaniko Orona-Ideon prestatutako platerak denda txikietan sartzen eta eguneko menuak enpresetara eramaten. Era berean, bilketa puntu bat dute Miramon Parke Teknologikoan.

Lizasok azaldu du horren zergatia. «Familien kontua motelen joango dena da. Horregatik ari gara beste adarretan sartzen, proiektu osoagoa izateko eta ildo finko batzuk edukitzeko, sorburuko ideiaren horren menpe ez egoteko».

Arduradunen lehentasuna «eragin positiboa areagotzea» da. Batetik, familien kontsumo ohiturak landuz, baina baita eskoletako jangelak, lantokietako elikadura, jatetxeetako hornidura... ere.

«Nahi duguna da Goxoa, zigilu bat izan gabe, hornidura, kalitate, harreman justuarekin identifikatzea. Gure logoa ikusten dutenean atzean zer dagoen jakitea». Bide horretan, erakundeak eta kolaboratzaileak batzen joan nahi dute, eta ahal bada, Gipuzkoan ez ezik, Bizkaian eta Araban ere banatzen hasi.