INFO

Buruz Buruko Kutxabank Erremonte Txapelketa sei hautagairen eskuan dago

Atariko ligaxkan Ezkurra II.a, Juanenea eta Azpiroz izango dira eta bertako onena aurrez sailkatuak dauden Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.arekin batera ariko da. Lau pilotari onenak ligaxka batean denak denen aurka neurtuko dira. Finala irailaren 10ean jokatuko da.

Txapelketan parte hartuko duten pilotariak, astearteko aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Astearte honetan aurkeztu da Buruz Buruko Kutxabank Eremonte Txapelketa. Uztailaren 28an final-laurdenetako ligaxkako partidarekin hasi zen txapelketa eta irailaren 10ra bitartera arte jokatuko da. Orotara, sei pilotarik hartuko dute parte Galarreta Jai-Alai frontoian: aurrez sailkaturik dauden Ansa II, Urriza eta Barrenetxea IV tituluaren defendatzaile eta txapelduna, batetik, eta bestetik, aipatu atariko ligaxkan postu baten bila ekingo dioten Ezkurra II.a, Juanenea eta Azpiroz.

Azpirozek, aurkezpenean bederen, ez dirudi itxaropenik sobera duenik, joan zen ostegunean, estreinako partidan, Juanenearen aurka galdu eta gero. «Paper on bat egitea da nire helburua, baina itxaropena erdi galduta daukat. Aurreko ostegunean erakutsitako maila baino gehiago badaukadala erakustea nahi dut orain», adierazi zuen.

Josetxo Ezkurrak, ostera, beste jarrera batekin hartu du atariko ligaxka hau. «Gogotsu eta ilusioarekin nago, lehenik eta behin. Duela urte pare bat ez dugula hemen –Galarretan– jokatzen eta paper ona egitea da gure helburua», onartu du, Juaneneak esan duen bezala.

«Egia esan, hasieran helburu handirik ez nuen. Baina Azpirozen aurka partida irabazi eta gero, atea asko zabaldu zait eta partida bakarrera nago ligaxkan berriz sartzeko», azaldu du Juaneneak.

Azken faseko formatoa

Final-laurdenetako faseko irabazlea Ansa II, Urriza eta Barrenetxea IV tituluaren defendatzaile eta txapelduna jokoan dauden final izeneko ligaxkan arituko da, iazko sailkapenaren arabera eskailera mantenduz.

Torneoak azken txapelketen ligaxka formatoa mantenduko du, non lehena zuzenean finalera pasako den eta bigarrena eta hirugarrena finalerdi batera joango diren.

Ligaxka hau hilaren 11n hasiko da eta azken partida 27an amaituko da. Bitartean hilaren 13, 19, 20 eta 25ean jokatuko dira. Partida guztiak ostegunean edo larunbatean izango dira, 19an izan ezik. Egun horretan ETBk gauean emango du partida. Baita abuztuaren 27an, irailaren 3an eta irailaren 10ekoi neurketak ere, beti ere zuzenean. Azken hiru egun hauetan jaialdia 15.30ean hasiko da eta abuztuaren 19koa 17.00etan. Gainerako jardunaldiak 16.30ean jokatuko dira.

Prest da Antiguoko Pilota Txapelketa

Antiguoko Pilota Txapelketak 74. ekitaldia aurkeztu zuen atzo. Hilaren 9tik aurrera, astearte eta asteazkenetan, ez da partidarik faltako Donostiako auzoan, 19.00etatik aurrera betiere. Mutiletan, seina bikote izango dira Promesetan eta Lehen Mailan. Hiruna bikotez osaturiko ligaxkak jokatuko dira eta finalerdietara aurreneko biak pasako dira. Finalerdiak hilaren 30ean eta 31n izango dira, 18.30ean. Finalak irailaren 3an izango dira, 11.00etan. Emakumeetan, lau pilotari ariko dira. Finalerdiak hilaren 30ean eta 31n jokatuko dira, buruz buru, 18 tantora.

Kanporaketako partidak 22ra jokatuko dira, baina bi tantoren aldea beharko da irabazteko; hala, 25 tantora luzatu ahal izango dira lehiak. Partida guztiak zuzenean streaming bidez jarraitu ahal izango dira.