INFO

Informazio Sailkatuari buruzko Legeak inpunitatea areagotuko duela dio Sanferminak 78 Gogoan-ek

Herri ekimenak oso balorazio kritikoa egin du berriki Madrilek Informazio Sailkatuari buruzko Legeaz erabakitakoaz. Herritarren informaziorako eskubidea aldarrikatu, eta neurriak iraganeko hainbat gertaeren bueltan dauden opakotasuna eta inpunitatea handitu baino ez direla egingo uste du.

Sanfermines 78 gogoan herri ekimenak berriki egindako agerraldi bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sanferminak 78 gogoan herri ekimenak oso balorazio kritikoa egin du Informazio Sailkatuari buruzko Legearen aurreproiektuari buruz, izan ere, funtsean, herritarrek informaziorako duten oinarrizko eskubidearen murrizketa handia ekarriko baitu. Eskubide hori edozein jendarte demokratikoren funtzionamendurako «oinarrizko funtsetako bat» gisa ulertzen dute.

Larunbata honetan ohar bidez elkarteak zabaldu duenez, aurreproiektuaren edukiak «bidegabeki» blindatzen ditu Gobernuaren eta Estatuko aparatuen jarduna garrantzizko eremu eta gai zabaletan, «opakutasun esparru neurrigabeak» sorraraziz haien esku-hartzeei dagokienez.

Erabakiak, elkartearen aburuz, Estatuak eta bere aparatuek «egun duten inpunitate maila kezkagarriak areagotzea» baino ez dakar.

1978ko sanferminetako gertaerei dagokienez, «aurreproiektua eraso polizial kriminal hari aplikatzeak eragingo luke 2047. urtera arte geroratzea Barne eta Defentsa ministerioetan, Gobernuaren Ordezkaritzan eta, oro har, Administrazioan dagoen dokumentazioa eskuratzeko aukera. Hortaz, gertaera haien inguruko egia, justizia eta ordaina lortzeko aukera arras pitzatua geldituko litzateke, edo, bestela, ukatua», baloratu du elkarteak.

Azkenik, 1978ko sanferminei buruzko dokumentazio sailkatua egoteaz gaindi, German Rodriguezen ahaideek eta elkarteak topatu ohi duten arazo nagusia gogorarazi dute: «gure eskaerei egindako erantzunetan erran digute gertaera haiei buruzko inolako dokumentaziorik ez dagoela. Gauzak horrela, larderia handiagorik izaten ahal du 1978ko sanferminetako gertaeren ikerketaz, egun, zigorgabe dela jakitun denak?», galdegin dute.