INFO

Neskatoen kontrazepzio behartuaren drama ezkutua Groenlandian

Groenlandiatik Danimarkara joan ziren neskato eta emakume gazte inuitei umetoki barruko gailuak eramatera behartu zieten, komunitate horren jaiotza-tasak kontrolatzeko asmoz. Kasu askotan, abortu bat izan ostean emakumeek jakin gabe jartzen zieten UGB umetoki barneko gailua.

Britta Mortensen inuitak bizitakoaren berri eman du. (AFP)

«Hankak ireki behar izan nituen eta UGB bat jarri zidaten. Min handia eman zidan», azaldu dio Britta Mortensenek AFP agentziari. 15 urterekin umetoki barruko gailu bat eraman behar izan zuen Groenlandiatik Danimarkara iritsi zenean.

Artikoko lurraldean jaiotza-tasa mugatzeko politika bat jasan zuten 4.500 inuit gazteetako bat da. Groenlandia jada kolonia ez bazen ere, Kopenhageren babespean zegoen.

1974an, Mortensenek gurasoak utzi zituen jaio zen arrantzaleen herrixkan, Ilulissat, ez zegoelako bigarren hezkuntzako eskolarik. Danimarkara joatea ikasten jarraitzeko aukera bat zen berarentzat.

«Barnetegira iritsi eta arduradunak esan zidan: ‘UGB bat eraman behar duzu’. Ezetz erantzun nion. ‘Bai, erantzun zuen, UGB bat izango duzu, baita ezetz esaten baduzu ere’», gogoratu du. Erabakia eztabaidaezina izan zen. Milaka kilometrora zeuden gurasoei ere ez zieten inoiz kontsultatu.

Udazkeneko egun batean, nerabeak medikuarengana joan zen umetoki barruko gailua eskuan zuela. «Seme-alabak izan zituzten emakumeentzat aproposa den UGB bat zen, ez 15 urteko gazteentzat», azaldu du orain hirurogei urte eta ile grisa duen Britta Mortensenek.

Horren ondoren, Danimarka mendebaldeko Jutlandiako bere barnetegiko gainerako neskatilekin bizi izan zen, haiei gertatuakoaz ezer ere ez aipatu gabe. «Lotsatuta nengoen. Ez nion inori kontatu. Orain arte...», esan du. Hainbat podcastek, artxibo nazionaletan oinarrituak eta pase den udaberrian hedabideetan zabaldutakoak, Kopenhageko kontrazepzio behartuaren politikaren berri eman zuten.

«Gaia publiko egin zenean nire haserrea agertu zen, eta gertatu zitzaidana kontatu beharra ere bai», aitortu du. «Senarrari esan nion: ‘Horietako bat naiz’. Aztoratuta geratu zen. Hainbeste urteren ondoren! Lurperatuta nuen zerbait da», azaldu du.

Laguntza-taldea

Mortensenek hitzaldi eta eztabaidetan parte hartzen du orain, batez ere Facebooken. Bertan, psikologo batek sortutako talde batek 70 emakume biktima baino gehiago biltzen ditu.

«Elkarri laguntzeko talde bat da. Inor bakarrik senti ez dadin, bereziki askok urteetan erreprimitu zuten trauma berrindartzen denean. Bereziki seme-alabarik ezin izan zuten emakumeak», aipatu du Naja Lyberth sortzaileak.

Honen arabera, emakume askok ez zekiten UGB bat zeramatenik. «Iaz arte, ginekologoek umetoki barruko gailuak aurkitu zituzten haien existentzia ezagutzen ez zuten emakumeen gorputzetan. Abortu bat izan ostean jartzen zizkieten emakumeek jakin gabe», gaineratu du.

Søren Rud historialariaren ustez, Danimarkak 1960ko hamarkadaren amaieran hasitako kontrazepzio kanpaina hau posible izan zen pentsamolde kolonialaren iraunkortasunagatik, 1953an deskolonizazio ofiziala gertatu eta askoz geroago.

«Groenlandiarrek gaitasun kulturalik ez zuteneko ideiak markatu zuen erabakia. Jaiotza-tasa kontrolatzeko tresna egokia zela pentsatu zuten, Groenlandiako emakumeek ez zutelako inolako ahaleginik egin behar eraginkorra izateko», adierazi du Rudek.

Britta Mortensenen ustez, behartutako kontrazepzioaren biktima diren emakumeek kalte-ordainak jaso beharko lituzkete, Gobernuaren barkamen eskaerarekin batera. Aitzakiak alde batera utzi behar dituztela uste du.