INFO

Etapa berri, irri barri

«Bizitza une batetik bestera alda daiteke; une bakoitza aprobetxatu behar da». Iker Irribarriari entzunda beste dimentsio bat hartzen du. Berak soilik daki belaunak pasarazi dion sufrimendua. Atzeko koadrora ezkerrez astindutako pilotarekin etapa berria hasi du.


«Hasierako egunetan kostako da, baina saiatuko gara irri “barri” bat ateratzen», onartu dio NAIZi Iker Irribarriak, ea etapa berrian irri berria aterako zaion itaun eginda. «Bizi osoan gogoratuko duen agurrak» bai atera ziola irribarrea, nolakoa gainera. Baina kosta zitzaion irriari argia ikustea, Atano III.enean bildu ziren 1.500 lagunen aurrean. Pilotan arrastoa utzi du, «eta pilotak niri ere sekulako arrastoa utzi dit», ziurtatu zuen partida bukaeran prentsaren aurrean egindako adierazpenetan.

«Tristea da, baina osasuna lehenetsi behar da. Gauza asko eman dizkio pilotari; pentsa, Buruz Burukoan irabazi duen pilotaririk gazteena izan da. Ez da erraza erabakia, eta begira azken asteetan erakutsi duen maila... Irri egingo du seguru». Aritz Elustondo Realeko jokalaria eta Irribarriaren lehengusuaren hitzok. Azken asteetako tristurari, ordea, poztasun apur bat ateratzeaz arduratu zen Aramako pilotaria, Aramak Donostiako pilotalekuko arima dantzan jartzen zuen bitartean.

Atzetik aurrera egin du Irribarriak, hasierako tantoetako tentsioak askatuta. «Irri, Irri» oihuen dezibelak handitzen joan ziren ezkerrez pilota egurtzen zuen bakoitzean. Aramakoak eguneko protagonista zela onartu zuenean lehertu zen festa. Tanto bakoitzaren bukaeran atzeko koadroetara burumakur joatetik tantoak dominatu eta Atano III.ena altxatzera pasatu zen.

Goiz hasitakoa, goiz bukatu

Zortzi urte eman ditu profesionaletan eta guztira hiru txapel irabazi ditu, bost final jokatuta. «Azkena aldian belaunak sortu baitizu hainbat miseri / goiz hasitako bidea bukatzeraino goizegi», Aitor Sarriegi bertsolariak ondo esan legez. «Pasioz sendo eta beldurrik gabe» hasitako pilotariak ere onartu du intentsitate handiko urteak izan direla eta Buruz Buruko bigarren txapela irabazitakoan jarri zuela balioan lehendabizikoa; eta beraz, 2016koa dela bereziena, eta larunbat honetan jasotakoa, politena. «Zortzi urte hauetan jaso dudan txapelik politena da», esan zuen partida bukaerako hitzaldian. Egungo Buruz Buruko txapeldun Unai Lasok jarri zion buruan aipatu oroigarria.

«Pena da, lesioak badakigu nolakoak diren... Osasuna da garrantzitsuena». Bizkarreta-Gereindiaingoa ere Elustondoren bide beretik mintzatu da NAIZekin. Pena baita minak baldintzatzea bizitza, maite duzun bizitza. «Onartzea» egokitzen zaio orain Irribarriari: «Badauzkagu erremintak beraz, egingo dugu zerbait». Egun hauetan «familiaz gozatuko du», jaio berri den alabaz, Neiraz, bere neurrira egokitutako kamiseta gorria soinean daukala. Oroigarriak ez baitziren falta izan izatez omenaldia zen partidan, nahiz eta Altuna III.a, Martija, Zabaleta eta laurek erakutsitako mailak partida ofizial baten zantzuak izan zitzakeen.

Ezkerra eta eskubi, a ze bi

Irribarriak azken koadroetaraino astindu zuen pilota azken tantoan. Nola ez, bere ezkerrarekin. Sarriegik bertsoan esan legez, «ezker zoragarri hori eta eskubi, a ze bi!». Azken astindua, gozatutakoa. Ikerrek, larunbat honetan, pilotarekin gozatu egin baitzuen. Nork esango luke erretiroa hartuko duela... Altunaren bi paretek mina egin zioten –agian hor agertu ziren belauneko molestien zantzuak, erretirora bultzatu diotenak–, baina eskuak zoragarri ditu, eta Atano III.ena horren testigu izan da.

Iker Irribarria, atzean pilotariz inguratuta eta aurrean Garazi Egiguren agurra dantzatzen ari dela. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo, baina nik txoria nuen maite», kantuan hasi zen harmailetan bildutako jende andana. Atano III.enean batu zirenek ere Iker Irribarria maite dute –bukaeran fokuetatik at afixa batean ikus zitekeen bezala–, Artze-Laboaren txoria bezainbeste, eta belaunak hegaldia apaldu dion arren, bizitzako hegaldirik garrantzitsuena egiteko hegoak laster jarriko ditu dantzan, Garazi Egigurenek, Tolosako Kimua dantza taldeko kideak, eskainitako agurra bezalaxe. 2016ko Buruz Buruko txapelaren omenaldian bera izan zen dantzaria eta zikloa biribilduz, larunbat honetan ere berea izan zen azken guda dantza, «Egin irri» zapia soinean zuela, pilotalekuko gehienek bezalaxe. Zapi gorria, noski, txapeldunaren kolorea. 

Bizitzaz gozatzera

«Eskerrik asko Iker, bizitzaz gozatzen segi», adierazi dio Sarriegik. Eta Aramakoa pareko mintzatu da: «Segiko dugu gozatzen». Amestutako agurra izateko hemendik 10 urtera izan beharko lukeela adierazita baina jaso duen babesarekin eskertuta –koadroa osatzen duten pilotari guztiak hurbildu ziren Atano III.enera–, Irribarriak esan du kantxan esan behar zuen guztia. Baina adi, ez pentsa urrun ibiliko denik. «Pilota mundua txikia da, Euskal Herria txikia da, eta han eta hemen arituko naiz. Anaia ere badabil pilotan; beraz ez naiz asko urrunduko», errepikatu du.

Pilotalekuko fokuak itzalita, irribarrean hariak bizitza berriko soka luzatuko du. «Egin Irri!».