INFO

Arrizabalaga-Osesek eta Aldai-Mendizabalek jokatuko dute binakako Master Laboral Kutxako finala

Gernikarrak eta oñatiarrak 22-16 irabazi diete Laudion Garai-Gaminderi eta dimoztarrak eta andoaindarrak 22-18 Larrarte-Arrillagari.

Arrizabalaga eta Aldai berriz ere elkarren aurka ariko dira final batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bi finalerdi lehiatu eta borrokaturen ostean, aurtengo Binakako Master Laboral Kutxa txapelketak dagoeneko ezagutzen ditu bere aurtengo pilota mistoko elite mailako finalistak eta Olatz Arrizabalaga-Uxue Oses eta Amaia Aldai-Nora Mendizabal izango dira martxoaren 26an Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko den finalean elkarren aurka ariko diren pilotariak. Beste behin, Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai txapelen lehian ariko dira Zarauzkoa bezalako pilotaleku industrial batean, baina horretarako biek ere lana beltz egin behar izan dute, aurkariek ez dietelako inolako erraztasunik eman, hori bai, bi bizkaitarrak protagonistak izan dira euren partidetan, egungo erreferentziarik nagusienak direla berretsiz.

Lehen finalerdian, Olatz Arrizabalga eta Uxue Osesek 22-16 irabazi diete Leire Garai eta Enara Gaminderi partida orekatu baten ostean. Oñatiarrak azken orduan ordezkatu behar izan du Andrea Capellan eta oso maila ona eman du, Enara Gaminde bezalako jotzaile bati ederki eutsiz. Iazko bi txapeldunen arteko finalerdia izan da gaurko Laudiokoa eta esan genezake Olatz Arrizabalaga nagusi izan dela, egindako 10 tantorekin, gernikarra izan da partidako protagonista nagusia, pilota bizi irten zaio eskuetatik eta errematean ere txukun aritu da, batez ere partida erdi aldera, gorriek aldeak lortu dituzten tarte horretan.

Indartsu ekin dio Enara Gamindek lehiari, lehen tantoetan berak agindu du atzean eta Garaik eta berak praktikara eraman dute Olatz Arrizabalaga gainetik pasatzeko taktika, baina pixkanaka kolpea ere jaitsi zaio eta hor nagusitu da iazko bere bikotekidea.

Partidak hiru zati nagusi izan ditu; lehenengoa oso orekatu eta piloteatua, non Garai eta Gamindek 6-8 aurreratzea ere lortu duten. Bigarrenean, ordea, Arrizabalaga-Osesek alde handi xamarra hartu dute. Arrizabalagak saketik ere min egin du eta 20-12 egin diete ihes. Amaieran saiatu dira Garai-Gaminde markagailua itzultzen, baina azkenerako markagailua txukuntze baino ez dute lortu.

Aldaik egin eta desegin

Bigarren finalerdian ere, azkenerako Amaia Aldai izan da partidaren norabidea erabaki duena, egin eta desegin, dimoztarrak egin du gehien eta Nora Mendizabalek lagunduta, 22-18 irabazi diete Miren Larrarte eta Miriam Arrillagari. Indar handiko bikotea osatzen dute gipuzkoarrek eta kementsu ekin diote partidari. Aurkariek egindako opari batzuei esker 0-4 ere aurreratu dira markagailuan, baina pixkanaka-pixkanaka Amaia Aldai jokoan sartzeko modua topatu du eta gaur egun ez dago partiden norabidea aldatzeko dimoztarrak adinako gaitasuna duen pilotaririk. Nora Mendizabalek ondo lagunduta, Aldaik bikotearen zama bizkar gainera bota du, aurretik partidaren erritmoa aldatu du eta erremateetan asmatuz, gorriek buelta eman diote markagailuari.

Markagailuan euren buruak atzetik ikusi arren, Larrarte-Arrillagak ez diote partidari aurpegirik galdu, lanean serio jarraitu dute, baina markagailuan gerturatzea lortu duten arren, azkenerako ezin izan diote bueltarik eman eta Aldai-Mendizabalek merezitako garaipena eskuratu dute.