INFO

Gasteiz eta Arabako bizilagunen ia laurden bat elebiduna da, ikerketa baten arabera

Aztikerrek euskararen erabileraz Araban eta Gasteizen egindako azterketa baten arabera, inkestatutakoen %23,5ak euskara nahiz gaztelania hitz egiten daki. %20a elebidun hartzaileak dira eta %56a, erdaldunak. Besteak beste, familia transmisioaren eragina nabarmendu dute soziologoek.

Gasteizen egin dute galdeketen erdia baino gehiago. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizen eta Araban euskararen erabilera ezagutzeko Aztikerrek egindako azterketa baten emaitzen arabera, inkestatutakoen %23,5a elebidunak dira, %20a elebidun hartzaileak eta, gehiengoa, %56a, erdaldunak.

Gasteizko Udalaren eta Arabako Aldundiaren laguntzarekin azterketa soziolinguistikoa egin du Aztikerrek euskararen egoera ezagutzeko. Euskara Sustatzeko Arabako Planaren baitan egin dute eta emaitzak asteazken honetan aurkeztu ditu Enara Eizagirre Aztikerreko ikertzaileak Oihaneder Euskararen Etxean.

‘Arabarren euskara ezagutza eta erabilera’ azterketa joan den urteko udazkenean egindako 1.200 inkesta baino gehiagotan oinarrituta dago. Hauetako 678 Gasteizen egin zituzten eta gainerakoak Aiara eta Lur Jareen artean.

Metodologiari dagokionez, 16 urte baino nagusiagoak ziren pertsonak elkarrizketatu dituzte, telefonoz edo online. Nagusiagoentzako nahiz gazteentzako erosoa izateko asmoz. Eizagirrek azaldu duenez, metodologia desberdina izateagatik, zaila da datu berriak 2015ean egindako beste ikerketa batekoekin alderatzea.

Eizagirrek jakinarazi duenaren arabera, familia transmisioak ere garrantzi handia dauka euskararen erabileran; izan ere, bi gurasoak elebidunak dituztenen artean gehiengoa elebiduna da.

Euskarak etxean duen presentzian ere nabaria da eragin hori, «zenbat eta testuinguru euskaldunagoa izan, orduan eta presentzia handiagoa du euskarak», ikertzailearen hitzetan. Hala ere, %84ak beti egiten du gaztelaniaz etxean.

Beste testuinguruei dagokienez, aipagarria da, elebidunen artean, lankideekin eta ikaskideekin gehien erabiltzen duten hizkuntza euskara dela, ez hainbeste anbulatorioan edo arreta medikoa jasotzerakoan.

Bestalde, euskalduntzeari buruz galdetuta, inkestatutako 1.200 pertsonen %10ak dio eskolatik kanpo euskara ikasten jarraitu duela. Erdiak euskaltegietan, %18a hizkuntza eskolan eta gainerakoak bere kabuz.

Berriki Lakuak argitaratutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoan jasotzen zenez, duela bost urte baino kasik 50.000 euskaldun gehiago daude gaur egun EAEn.