INFO

'Arberoa Lurra eta Etxebizitza’ kolektiboak neurrigabeko salmentei buruz oharra egin du

80 bat herritarrek parte hartu zuten Baxe Nafarroako Doniztiri herrian 'Arberoa Lurra eta Bizitza' kolektiboak antolaturiko ekimenean. Etxebizitzen gaineko espekulazioaren aurrean ardura hartzeko deia luzatu zuten antolatzaileek.

Manifestariek afixa ezarri zuten etxaldera daraman bidean salmenta prezioa salatzeko. (Guillaume FAUVEAU)

'Arberoa Lurra eta Etxebizitza’ kolektiboak luzaturiko deiari jarraituz 80 bat herritarrek parte hartu zuten, Donoztirin, neurri gabeko salmenta bat salatzea xede zuen ekimenean.

 «Mingarria zaigu etxaldea eta bere hiru hektarea lurrak laborantza funtzioa galdu izana», deitoratu zuen kolektiboak 1.200.000 eurotan salgai jarri duten etxaldearen inguruan eginiko mobilizazioan.

«Etxe kario- Maison chère» zioen seinalea jarri zuten etxaldera daraman bidean, 'Mediabask' hedabideak plazaraturiko berriaren arabera.

«Droit au logement - Etxebizitza eskubidea« aldarrikatzen zuen banderola zabaldu zuten, bestalde, etxebizitzari buruzko krisiaz oharrarazteko eginiko mobilizazioan.

Salmenta bat salatzeko altolatu zen protesta. Hala eta guztiz ere arazoa ez dela neurrigabeko salmenta zehatz bati mugatzen agerian jarri zuen 'Arberoa Lurra eta Etxebizitza’ kolektiboak.

Hainbat datu eskaini zituzten arazoa askoz zabalagoa dela nabarmenduz.

Donoztiriko etxeen %15 bigarren etxebizitzak dira eta %10 hutsak» gaineratu zuen kolektiboak.

«Etxebizitza eskubidea da, ez da sosa irabazteko bide bat» azaldu zuten kolektiboko kideek, gero eta larriagoa bilakatu den egoeraren aitzinean arduraz jokatzeko deia luzatu zietela eragile guztiei, berdin saltzaile, higizienen bulego zein erakundei.

Laborantzarako balio zezaketen etxalde eta lurrak saltzeko hautua eginen duten jabeei zuzendu zitzaien bereziki.

Hala, «etxe edo lur jabeei galdegiten diegu ez dezatela espekulatu, ez daitezela aberastu usu aspalditik amortizatuak dituzten etxeak salduz, baizik eta etxe horiek prezio onargarrian sal ditzaten» adierazi zuten kolektiboko kideek.

Etxeko jabea manifestarien aitzinean

Doniztin prezio zeharo altuan salgai jarri duen etxeko jabea bertaratu zen protesta ari zen jendearengana «beraien aferetan sartzeko» aholku emanez manifestariei.

Horren ondotik, 'Mediabask' hedabideari adierazpenak egin zizkion etxeko jabeak.

«Ulertzen ditut jende horren aldarrikapenak, baina ez naiz gertatzen ari denaren erantzule», azaldu zuen. «Euskal Herria ez dut nik saldu. Frantzian gaude oraindik, nahi dugun bezala saltzeko eskubidea dugu» gehitu zuen.