Garbiñe Muguruzak bere izena duen tenis pista estalia inauguratu du Azkoitian
Garbiñe Muguruza tenislaria Azkoitian izan da ostiral honetan, bere izena duen Txerloia klubeko tenis pista estaliaren inaugurazio ekitaldian. Kirolariak eskerrak eman dizkio Azkoitiko herriari egin dion harreragatik, eta hunkituta agertu da pista estaliak bere izena duelako.
Garbiñe Muguruza tenislari profesionalak Azkoitian udalerrian ditu sustraiak, bere aita Jose Antonio Muguruza San Martin auzoan jaio baitzen. 1978. urtean, baina, Venezuelara joan zen eta han jaio zen Garbiñe alaba.
Bada, Azkoitiako Udalak tenis pista estaliari bere izena jarri dio, aintzatespena adierazteko, hala kirol ibilbideagatik nola bere sustraiak gogoan izategatik. Gaur bertan inaugurazi ekitaldia egin dute eta bertan izna da Garbiñe Muguruza. Bararekin batera, ekitaldian izan dira Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kirol diputatu berria.
Ana Azkoitiak esker oneko hitzak izan ditu Garbiñe Muguruzarekiko: «Gaur Garbiñe bere aitaren jaioterria, bere aitaren sehaska ezagutu du. Harro gaude».
Tenislariaren kirol meritu ikaragarria ukatu gabe, Azkoitiko alkateak «gure jatorriari, gure sustraiei, nondik gatozen jakiteari balioa ematearen» garrantzian jarri du arreta. «Gaurko eguna Garbiñe Muguruzak bere aitaren bizitzako sasoi bat hobeto ezagutzeko emandako aukera gisa gogoratzea nahiko nuke. Izan ere, seguruenik aitari ez zitzaion erraza egingo bere herria utzi eta Venezuelara emigratzea», esan du.
Goizane Alvarez pozik agertu da «Garbiñe Muguruza kirolari entzutetsuak Gipuzkoarekin duen loturari eusten diolako eta neska askoren erreferente bilakatu delako». «Gaur egun Gipuzkoan 284 lizentzia federatu daude teniseko modalitatean. Horietako 100 emakumezkoak dira eta 184 gizonezkoak. Eskola kirolean, berriz, 188 lizentzia daude: 67 neska eta 121 mutil», azaldu du.
Plaka
Tenislariak berak desestali du bere izena daraman plaka, duela urtebete pasatxo estreinatutako tenis pista estaliari izena ematen diona. Tenis saioak asebeteta eta pozik utzi ditu bertaratu diren haur eta gaztetxoak, Muguruzak ahaleginak eta bi egin baititu. Bere denbora ere hartu du gazteen galderei erantzuteko.
Horrela, Garbiñe Muguruzak eskerrak eman dizkio Azkoitiko herriari egin dion harreragatik, eta hunkituta agertu da Txerloiako pista estalia dela eta.
Azkoitiko tenis eskolak 250 ikasle inguru ditu eta Txerloia tenis klubak kudeatzen du. Gainera, bi pertsona daude klubaren zuzendaritzan eta tenis eskolako begirale ere badira (eskola kirolean). Tenisak gorakada nabarmena izan du Azkoitian, eta klubak urteak zeramatzan irtenbide baten bila, pistak ezin baitziren erabili egun askotan, Gipuzkoako klima euritsua dela eta.
Hori dela eta, Gipuzkoako Aldundiko Kirol Sailak 20.000 euroko ekarpena egin du pista estalia eraikitzeko. Gainera, argi instalazioak hobetuko dira eta, horri esker, energia eraginkortasuna ere hobetuko da.