Pemba Gelje Xerpak errekor berria ezarri du Manaslun
Alpinista nepaldarrak hamabi ordu behar izan ditu Manaslu igo ahal izateko. François Cazzanelli italiarrak 2019an eginiko denbora ordubetean hobetu du.
Lehia berezia bizi izan da azken egunotan Manasluko (8.163 m) aldatsetan. Pemba Gelje Xerpa eta Tyler Andrews nor baino nor aritu dira abiadurako errekor berri baten bila. 2019. urtean François Cazzanellik eginiko denbora erreferentzia gisa zuten. Alpinista italiarrak hamahiru ordu behar izan zituen Nepalen dagoen zortzimilako hori igotzeko. Espezialista hau, gainera, ziztu bizian jaitsi zen, eta joan-etorri horretan kronoa 17 ordu eta 43 minutuan gelditu zuen.
Nepaldarrak eta estatubatuarrak, aldiz, soilik igoera zuten xede. Eta lehia horretan azkarrena Pemba Gelje Xerpa izan da hamabi orduko denborarekin. Andrewsek, berriz, ezin izan du gailurra erdietsi; 7.750 metrotra zela (hots, laugarren kanpalekuan) jarduera bertan behera utzi zuen.
Hortaz, Manaslun ezagutzen den denbora azkarrena nepaldarraren esku geratu da. Pemba Gelje Xerpa goi mailako alpinista eta mendi gidaria da. Imagine Nepal agentziarako lan egiten du eta eskarmentu handia du zortzimilakoetan. Everest, adibidez, zortzi aldiz eskalatu du. Eta zerrendan ere K2, Kangchenjunga eta Makalu ditu. Horretaz gain, ezagutzen dutenek behin baino gehiagotan azpimarratu dute egundoko sasoia duela zortzimilakoak azkar igotzeko.
Nepaldarra, azkarrena
Joan den asteartean, nepaldarra eta estatubatuarra pronto ziren erronka horri ekiteko. Ez batak ez besteak ez dute oxigeno gehigarririk erabili. Eguraldi leiho on bat aprobetxatuta eta mendia behetik gora soka finkoekin ekipatuta zutela, kronoari eragin zioten.
Irteera puntutik lehena ateratzen Andrews izan zen. Ordubete beranduago nepaldarra abiatu zen. Gauez, gainera. Baldintza egokiak izateaz gain, protagonistok bazekiten mendizale gutxirekin egingo zutela topo.
Estatubatuarra oso indartsu hasi zen, eta lehenbiziko sekzioan ordubeteko aldea ateratzen zion nepaldarrari. Adibidez, hirugarren kanpalekura iristeko, 3 ordu eta 44 minutu behar izan zituen. Baina 7.000 metrora zela, erritmoa asko mantsotu zuen, eta Pemba Gelje Xerpak, aldea asko murrizteaz gain, 7.650 metroko kotan bere lehiakidea harrapatu zuen. Aipatu dugun bezala, Andrewsek beste ehun metroko desnibela igo eta helburua bertan behera utzi zuen.
Nepaldarrak, berriz, oso motibatua, aurrera jarraitu zuen. Hamabi orduko igoeraren ondoren, gailurra zapaldu eta Cazzanelliren errekorra ordubetean ondu zuen.
Jaitsieran ez zen italiarra bezain azkarra izan, hogeita bi orduko jarduna egin eta gero kanpaleku nagusira heldu zen.