INFO

Zarauzko Ikastolari 140.000 euroko isuna ezarri dio Lakuak zortzi ikasleri ateak zabaltzeagatik

Lakuako Hezkuntza Sailak matrikulazio-kopurua jaistearen ondorioz zortzi familiak Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolatik kanpo geratuko ziren baina Ikastolak «ateak zabaltzea» eta onartzea erabaki zuen. Orain, 140.000 euroko isun «bidegabeari» aurre egin behar dio.

Salbatore Mitxelena Ikastolako komunitateak astearte honetan egindako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Salbatore Mitxelena Ikastolan, Zarautzen, Lakuako Hezkuntza Sailak ezarritako HH2ko matrikulazio kopurua murriztu zuen 2023-2024 ikasturterako. Hori zela eta, bertan seme-alabak sartu nahi zituzten zortzi familiak ez zuten aukerarik izango, baina «gure komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabaltzeagatik» matrikulatzea erabaki zuen ikastolak. Orain, Lakuak ezarritako 140.000 euroko isunari aurre egin behar diote.

Horren berri emateko eta Hezkuntza Sailaren «jarrera eta jokabide onartezinak» salatzeko prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin dituzte astearte arratsalde honetan. Azaldu dutenez, ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egiteko eta eskaintza eskaerara egokitzeko Lakuaren agindutik dator arazoa. [Jakina denez, aurreko astean dekretu hori baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak, nahiz momentuan behintzat indarrean den, helegitearen zain]

Ordura arte, Salbatore Mitxelenak Haur Hezkuntzako maila bakoitzeko hiru gela izaten zituen, bederatzi lerro, baina urte horretan «arrazoi aparenterik gabe» Sailak bi lerrotara mugatu zuen HH2ko matrikulazioa. Orduan hiru lerro behar zituztela azaldu zioten Lakuari, baina ezezko erantzunak jaso zituzten.

Maiatzean, beraz, bide administratiboa jorratzen jarraitu arren «egoerari aurrez aurre heltzeko unea iritsi zitzaigun» eta ikastolaren komunitatea osatzen duten 544 familiek «komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabaltzea» erabaki zuten eta zortzi matrikulak onartu zituzten. 140.000 euroko isuna ezarri die Hezkuntza Sailak, «bidegabea», beraien ustetan, diru-iruzurrik ez delako egon.

«Miatuak, zelatatuak eta erregistratuak»

Gainera, azken bi ikasturteotan ikastolan izan diren hainbat ikuskapenek haurrak, langileak eta gurasoak «miatuak, zelatatuak eta erregistratuak» sentiarazi dituela seinalatu dute. Horrekin, Sailak ‘Adiskidetze-mahaia’ deitutako bilera batean aurkeztutako proposamen «itxia» salatu dute, gero isunaren erabakia ekarri duena eta «familiei eta ikastolari berari kalte larriagoak ekiditeko» sinatu zutena.

«Gauza batek pozten gaitu: zortzi familia horiek gurekin jarraituko dutela jakiteak. Diruz zigortu gaituzte, eta aurre egingo diogu»

 

«Lasai» daudela argi utzi dute, hala ere: «Lasai gaude hartu genuen erabakiarekin. Eta gauza batek pozten gaitu: zortzi familia horiek gurekin jarraituko dutela jakiteak. Diruz zigortu gaituzte, eta aurre egingo diogu. Gure komunitateak badaki halako egoerei aurre egiten, historikoki erakutsi du auzolana zer den badakiela, herrigintza zer den badakiela».

Aurrerantzean dirua biltzeko ekintza desberdinak egingo dituztela jakinarazi dute, diru-ekarpen boluntarioak besteak beste eta datozen urteetan arazo bera errepikatu daitekeela ohartarazi dute: «Oso kezkatuta gaude».