Adin ertaineko emakumeak
2005. urtean bazen oso gustukoa nuen telesail bat: ‘Weeds’. Protagonista Nancy Botwin adin ertaineko emakumea zen. Ustekabean, marihuanarekin sekulako negozioa sortuko du. Urte horietan, adin ertaineko emakumeak ze gutxi eta ze trakets zeuden irudikatuak fikzioan, ezta? Telesail hori, ‘The Good Wife’ eta ‘Desperate Housewives’-ekin batera salbuespenak iruditzen zaizkit nagusiki gizonezko protagonistez jositako fikziozko ozeano zabal horretan; hortxe dituzue, adibidez, ‘The Sopranos’, ‘The Wire’, ‘Mad Men’ edota ‘Breaking Bad’, esaterako.
Hausnarketa hau piztu izanaren erantzuleak azken hilabeteotan ikusi ditudan zenbait ekoizpen izan dira: ‘Celeste’, ‘Hacks’ eta ‘Somebody Somewhere’.
Telesail horiek ikusi ostean ohartu naiz –oraindik lanketa oso sakona egiteke dagoen arren–, zorionez, azken urteotan aurrerapausoak egin direla, 40-50 urtetik gorako emakumezko pertsonaia gehiago topatzeaz gain, protagonistak ere badirelako: ‘Hierro’, ‘Fleabag’, ‘Big Little Lies’, ‘Sharp Objects’, ‘The Handmaid's Tale’, ‘Mare of Easttown’ edota ‘Happy Valley’ diskurtso hori berresten duten adibide apartak dira.
Adin ertaineko emakumeen parte-hartzea estereotipoetan oinarritu da, eta hori saihestea izan da azken urteetako eztabaida garrantzitsua. Agerikoa da rol protagonista gehiago lortu dituztela, baina errealitatearekin bat datozen pertsonaia gehiagoren gabezia salatu dute aktore askok.
Harrison Fordek, Stallonek edota Liam Neesonek 70-80 urterekin, oraindik ere, gizonezko heroi, kementsu eta ausarten pertsonaiak gorpuzten dituzte; zergatik jokatu behar du 65 urteko emakume batek, ia gehienetan, amona baten rola?