Garraiolari bat hil da Pasaiako Portuan, istripu ez traumatikoan
48 urteko garraiolari bat hil da asteazken honetan Pasaiako Portuan lanean ari zela jasandako bihotzeko baten ondorioz, heriotza ez traumatikoan, 2025eko lehena. LAB, ESK, SteilasEHNE Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostiralean.
Garraiolari bat hil da asteazken honetan Pasaiako Portuan zama lanetan ari zela jazotako bihotzeko baten ondorioz, istripu ez traumatikoan, LABek jakinarazi duenez. Hildakoak 48 urte zituen eta Andoaingoa zen. 2025ean zendu den lehen garraiolaria da.
Sindikatu horrek nabarmendu duenez, garraiolari baten heriotza ez traumatikoa «ez da harritzeko gauza, beste sektoreetan baina ohikoagoa da heriotza mota hau, sektorean ematen diren bizi baldintzak tarteko».
Hala, sektore horretako «baldintza gero eta gogorragoak lan arrisku bilakatu dira eta horren eragina datuetan islatzen da». 2024an 14 garraiolari hil ziren lan istripuz, eta 2023an 10, LABen arabera.
Zerrendatu duenez, «oso prekarioak» dira garraioaren sektoreko lan baldintzak: «lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua izateko zailtasunak, eta abar».
«Argi diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak hartzeko», nabarmendu du.
LABen iritziz, «prekaritatearekin eta patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da». «Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango dira. Gipuzkoan zein Nafarroan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe egotea prekaritate horren erakusle da eta baldintza prekario horiek laneko osasunean eragin zuzena dute», ohartarazi du.
Lan osasuneko intersindikala osatzen duten LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostiralean, 11.30ean Pasaiako Portuaren sarreran.