INFO

EAEko ogasunek 700 milioi gutxiago bildu zituzten iaz, mutualistei egindako itzulketen eraginez

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 700 milioi euro gutxiago bildu zituzten iaz, mutualistei eginiko itzulketen eraginaren ondorioz. Guztira 18.310 milioi euro jaso zituzten, Finantzen Euskal Kontseiluak emandako datuen arabera. 2025ean hazkundea izango dela aurreikusten du.

Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, ostegun honetan Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Finantzen Euskal Kontseiluk urteko lehen bilera egin du ostegun honetan Gasteizen, eta bertan eman dituzte iazko diru-sarrerei buruzko datuak eta 2025erako ekonomiaren eboluzioaren aurreikuspenak.

Emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 18.310 milioi euro bildu zituzten iaz zerga itunduen bidezko diru-sarreretan, 2023an baino 97,5 milioi gehiago, baina 2024ko aurrekontuetan aurreikusi zutena baino 700 milioi gutxiago. 

Horrek esan nahi du, balio erlatiboetan, urte arteko %0,5eko hazkundea izan dela. Diru-sarrera iazko aurrekontuetan aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da mutualistei egin behar izan dizkieten itzulketen eraginez. Izan ere, Auzitegi Goren espainiarrak lan mutualitateei buruz kaleratutako epaien ondorioz foru aldundiek PFEZean gauzatu behar izan dituzten itzulketen bolumena handia izan da.

Nolanahi ere, joan zen urrian Finantzen Euskal Kontseiluak egin zuen bileran eguneratu zituzten aurreikuspenak itzulketa horiek kontuan hartuta eta 18.300 milioitan kalkulatu zuten orain baieztatu duten diru-bilketa.

2024rako onartutako aurrekontuaren gaineko betearazpena %96,4koa izan da. Hau da, 2024rako aurrekontuan jasotako zenbatekoa baino 690 milioi euro gutxiago bildu dira, lan mutualitateen kasuan aurreikusi gabeko «inpaktu kaltegarriaren» ondorioz.

Lurraldeka, Arabako Aldundiak 2.831 milioi euro bildu ditu zerga itunduengatik, 2023an baino %0,4 gutxiago. Bizkaikoak 9.409 milioi euro jaso ditu, aurreko urtean baino %0,02 gutxiago, eta Gipuzkoako Ogasunak, berriz, 6.070 milioi euro, 2023an baino %1,8 gehiago.

Zuzeneko zergapetzearen barruan, bi zerga nagusiek ekarpen desberdina izan dute: PFEZak (-%1,6) eta sozietateen gaineko zergak (+%6,4).

Zeharkako zergei dagokienez, BEZaren bilketa (Estatuarekiko doikuntzak barne) %0,8 jaitsi da, batez ere hidrokarburoen sektoreko BEZaren iruzurraren ondorioz.

Zerga bereziei eta plastikozko ontzi berrerabilezinen eta elektrizitatearen gaineko zergei dagokienez, bilketa globala (Estatuarekiko doikuntzak barne) %4,3 hazi da, batez ere tabako laboreen gaineko zerga berezien (+%6,7) eta elektrizitatearen gaineko zerga berezien (+%361,7) gorakadagatik. Azken kasu horretan, igoera handia 2024an zerga tasak partzialki berrezartzearen ondorio da.

Zerga bilketaren itxiera eta Estatuari egindako ordainketak ezagututa, ekarpenen likidazioaren azken zenbatekoa 12.285,7 milioi eurokoa da. Zenbateko hori 2024ko aurrekontuan oinarrituta aurreikusitako emaitza baino 401 milioi gutxiago da.

2025erako, hazkundea

Lakuako Gobernuko Ogasun eta Finantzetako sailburu Noel d’Anjouk ekonomiaren egoeraren errepasoa egin du eta Europan izan den errekuperazioa, arina bada ere, nabarmendu du. 

«Euskadirentzat albiste ona da atzerriko bi merkatu nagusiek (Alemaniak eta Frantziak) beren posizioa pixka bat hobetu izana», adierazi du, eta gogorarazi du urtarrilean enplegua ea enpresak sortzen jarraitu dela, baina «nazioartean dagoen den ziurgabetasun giroak ere eragin moteltzailea du». Nolanahi ere, aurten EAEko ekonomia hazi egingo dela baieztatu du Finantzen Euskal Kontseiluak.

Diru-sarreren prebisioari dagokionez, 2025ean 19.718,6 milioi euro biltzea aurreikusten dute hiru foru aldundiek, iaz baino 1.400 milioi gehiago. Herrialdeka, Araban 3.039,1 milioi, Bizkaian 10.182,3 eta Gipuzkoan 6.497,1 milioi jasotzea espero dute.

Zerga erreformari buruz ere mintzatu dira hiru ahaldun nagusiak. Araban eta Gipuzkoan oposizioarekin negoziatzen ari direla gogoratu dute, eta akordiorik gabeko eszenatokirik ez dutela aurreikusten esan dute.

EH Bildu: «Erreforma sakon baten beharra»

EH Bilduren iritziz, zerga bilketaren jaitsierak «agerian uzten du erreforma fiskal sakon baten beharra».

Nagore Alkorta Eudeleko lehendakariorde eta Azpeitiko alkateak bileran izan ondoren ohartarazi du diru-bilketaren jaitsierak ondorioak izan ditzakeela herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoetan «ezengokortasun garai» hauetan. «Administrazioek segurtasuna eskaini behar diete herritarrei, eta hori zerbitzu publikoak indartzearekin bakarrik egin daiteke», nabarmendu du.

Koalizio abertzalearen arabera, Finantzen Euskal Kontseiluan aurkeztu diren datuek «indartu baino ez dute egiten EH Bilduk defendatzen duen ideia: premiazkoa eta beharrezkoa da erreforma fiskal sakon bati ekitea». Eta Alkortaren esanetan, EAJk eta PSEk hiru Batzar Nagusietan aurkeztu duten proposamena «ukitu fiskal bat baino ez da, kenkarien bilduma bat, eta horrek zerga-bilketa are gehiago jaistea ekarriko du».

Alkortak, halaber, kezka adierazi du zerga bilketaren jaitsierak udaletan izango dituen ondorioengatik. «Litekeena da udalek ogasunetatik jasotako dirua itzuli behar izatea», esan du. Ildo horretan, galdetu du «nola erantzungo dieten horrela herritarren beharrei eta nola mantenduko dituzten jada eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak».