Eztanda egiteko zorian dagoen emakumea
HARD TRUTHS (MI ÚNICA FAMILIA)
Bretainia Handia, 2024. 97’. Zuzend. eta gidoia: Mike Leigh. Akt.: Marianne Jean-Baptiste, Michele Austin, David Webber, Ani Nelson. Musika: Gary Yershon. Argazk.: Dick Pope.
Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zen ‘Hard Truths’ (‘Mi única familia’) filma Mike Leigh britainiar zinemagile beteranoaren proposamen berria da. Londresko aldirietan bizi den langile klaseko familia beltz bateko amak amorruz ikusten du mundua. Pansy ( Marianne Jean-Baptiste), eztanda egiteko zorian dagoen emakume baten istorioa aurkeztuko digu; bere izaera bortitz, urduri eta gordinean bilatuko du babesa. Min fisiko eta mentalez bete dagoen emakumea da eta harreman guztiak haserrearen eta konfrontazioaren bidez gauzatzen ditu. Marianne Jean-Baptiste protagonistak maisuki islatzen ditu herra eta etsipena.
Mike Leigh zinema sozial errealistaren ikur nagusietako bat da, eta bere lanak giza harremanak, eguneroko bizitza eta klase sozialen arteko tentsioak modu sinesgarri eta hunkigarrian aztertzeagatik dira ezagunak. Bere filmek, sarritan, inprobisazio prozesu sakon bat izaten dute, aktoreekin elkarlanean pertsonaiak eraikitzen ditu. Familia, bakardadea eta gizartearen presioak maiz arakatu dituen gaiak izan dira. Bere lanek eragin handia izan dute giza drama errealista lantzen duten beste zinemagile askorengan.
1996an, Leighek ‘Secrets and Lies’ filmarekin irabazi zuen Canneseko Urrezko Palmorria eta Oscar sarietan bost izendapen lortu zituen. Orduan ezagutu zuten Donostiako Zinemaldiko ikusleek Leigh, eta, jakina, Mariane Jean-Baptiste, bera baitzen orduan ere protagonista nagusietako bat.