INFO

Patagoniako leku urrunetan emaitza ederra erdietsi dute bi kanadarrek

Flavie Cardinal eta Jasper Pankratz kanadarrek Pirita Nagusian ‘Todo lo que se comparte’ bidea (5.11, A0, 550 m) sortu dute. Esplorazioan oinarritutako espedizioak Turbio haranean jardun du.

Cardinal eta Pankratz bibak batean; gau horretan hotz handia egin zien. (CARDINAL-PANKRATZ)

Patagoniako ohiko denboraldiak laster itxiko ditu ateak. Txileko zein Argentinako erpin eta murruetan mugimendu handia egon da. Jarduera oso interesgarriak egin dira, baina azpimarratzekoa da, beste urte batez, El Chalteneko ingurumarian dauden orratzek makina bat eskalatzaileren bisitak jaso dituztela. Batez ere, Cerro Chalteneko eta Cerro Torreko mendiguneek  bereganatu dute protagonismo ia gehien; Txilen, berriz, Paineko Dorreek.

Alabaina, Patagoniak oraindik aukera du beste aurpegi bat erakusteko. Horrekin esan nahi dugu “inbasio” horretatik kanpo oasiak eskaintzen dituela esplorazioan oinarritutako abenturak egiteko. Joan den urtarrilean, adibidez, Patagoniako iparralde ezezagunak bi eskalatzaileren bisita jaso du: Flavie Cardinal eta Jasper Pankratz-ena. Txalotzeko modukoa da kanadarrok indarrean jarri duten ikuspegi eta filosofia; batez ere, oso gazteak direlako. Cardinalek 22 urte ditu; Pankratzek, 26.
Bada, gaztetasun horrek bultzada ederra eman zien, Turbio haranean bidaia oso interesgarria egiteko. Esplorazioak, gainera, emaitza bikaina ekarri zien. Izan ere, bi eskalatzaileok Pirita Nagusian ‘Todo lo que se comparte’ bidea (5.11, A0, 500 m) sortu zuten.

Nahiz eta ibilbide laburra duten, kanadarrok maila ederra dute hormatzarretan. Squamish-en elkar ezagutu zuten, eta, hortaz, granitoarekin eta artesiekin oso ohituta daude. Horrekin batera, esan behar da helburu komunak dituztela. Horien artean bati garrantzi handia ematen diote: «Emakumezkoez osatutako sokadek inoiz ez eskalatu dituzten bideen atzetik ibiltzen gara. Horregatik, Patagoniako iparraldeko urrutiko lekuetan dauden hormen atzetik ibili gara. Ukitu gabeko paretetan eskalatzea dugu helburu nagusia; abenturazko ukitu horrek asko erakartzen gaitu. Turbio haranaren inguruan, duela hamabost urteko bideo eta artikulu batzuk aurkitu genituen. Zertzelada batzuk baino ez ziren. Harrituta geunden; besteak beste, hara iristeko informaziorik ez zegoelako. Hain zuzen ere, hori da bilatzen duguna; hots, mapan agertzen ez den alderdi bat. Horregatik guztiarengatik, esaten dugu eginiko hurbilketa bidea abentura bilakatu zela».

Gazteok Pirita Nagusian zabaldutako bide berria. (CARDINAL-PANKRATZ)

Piritari dagokionez, aurreratu behar dugu granitozko hiru orratz dituela. Horietako bat, nagusia, izan da gazte horien helburu garrantzitsuena. Erpin horiek oso bisita gutxi dituzte, eta talde guztiek iparraldeko murruak aukeratu izan dituzte, granito oso garbia, artesi asko eta diedro erakargarriak dituztelako, bai eta eskalada askerako “erakusleiho” bikaina delako ere. Horretaz gain, aurpegi horrek eguzkiaren epeltasuna jasotzen du.

Oro har, Cardinalek eta Pankratzek abentura itzela bizi izan zuten. Zaldi gainean 60 kilometro egin zituzten; inguru hartako landaretza itxian ibilbidea zabaltzen jardun zuten, bi ekinaldi egin ondoren bide berri bat sortu zuten… Hots, esplorazioak dituen berezko osagaiak.

Plaka bitxiak

Argentinako Bariloche hirian oso ezaguna den Sebastian de la Cruz eskalatzailearekin bat egin zuten. Gazteok onartu dute bidaiaren aurretik asko lagundu ziela, Turbio haranaren inguruko informazioa eskainiz: «Lehen urratsa egitea besterik ez zitzaigun falta. Egun osoa Sebastianekin eman eta gero, biharamunean abian jarri ginen. Gautxo bat zain genuen bost zaldirekin. Turbio haranera abiatu ginen, eta hara heltzeko bi egun behar izan genituen. Une jakin batean, sastrakengatik, zaldiek ezin zuten aurrera egin. Oihanak dituen bidexkak ez dira oso argiak; zaila egin zitzaigun bide egokiena topatzea. Zenbait  erreka ere tirolinarekin zeharkatu genituen. Azken hiru egunak oso astunak izan ziren. Oinarrizko kanpalekua antolatzeko joan-etorri batzuk egin genituen. Azkenean, tresneria eta janaria guztia garraiatu genuen, eta prest ginen esplorazioari ekiteko. Denera, hiru astez aritu ginen Turbio haraneko paretak aztertzen».

Klimari dagokionez, lehen egunak ez ziren oso atseginak izan. Euria egin zien, baina zer edo zer eskalatzeko aukera izan zuten. Mariposa izeneko ibarrean ‘El palito’ marra (5.10+, 550 m) eskalatu zuten. Halere, Piritan zegoen kanadarron helburua.

Lau eguneko leiho on bat iragarri zieten, eta, denbora galdu gabe, hurbilketa bide deserosoa hasi zuten. Oihan itxi batean hamar kilometro igo ondoren, aldats piko batzuk gainditu eta erreka batzuk zeharkatu zituzten. Bederatzi orduko hurbilbidea izan zen.

Eskalada hasteko gogotsu zeuden, eta lehen helburua zen horma tentetzen den lekuraino plakaz edo harlauzaz osatutako 400 metroko sekzioa igotzea. Tarte hori oso nahasia eta zorrotza izan zen, eta, esan dutenez, Half Domeko ‘Death Slabs’-ekin antz handia du: «Plaka horiek oso heze zeuden. Hiru luze eskalatu ondoren gelditu ginen. Biharamunean, lanari ekin genion berriro baina, aurreko egunean bezala, erritmo motela generaman. Plaka horiek buruhauste asko eragin zizkiguten. Oso motibatuta geunden, baina artesietako arroka oso txarra zen eta horrek asko zaildu zuen progresioa. Gailurretik 200 metrora geundenenean, erabat nekatuta geunden eta ez genuen ibilbide argirik ikusten. Aurrera jarraitzea ezinezkoa zirudien. Gainera, euriak bisita egin zigun. Egoera aztertu ondoren, oinarrizko kanpalekura jaitsi ginen».

Cardinal eta Pankratz kanadarrek plaka zorrotzak eskalatu zituzten. (CARDINAL-PANKRATZ)

Atseden egun batzuk hartu ondoren, eguraldiaren iragarpenek zioten egun eta erdiko leiho on bat zutela aurretik. Lehen ekinaldiari esker, hurbilketa bidea askoz ere eraginkorragoa izan zen; bederatzi ordu egin ordez, bigarren hori bost ordukoa izan zen.

Euri txikia lagun, aipaturiko plaka zital horietan barneratu ziren. Horma tentetzen den lekuan bibaka egitea erabaki  zuten: «Zoritxarrez, biharamun oso gaiztoa suertatu zen: euri-jasak eta kazkabarra. Egoera makal horrek bibakean geratzera behartu gintuen. Ez genuen ez hamakarik, ezta dendarik eraman ere. Gaua oso txarra izan zen; hotz ikaragarria egin zigun. Atertu zuenean, eguzkiaren epeltasunarekin, eskalatzen jarraitu genuen. Egun horretan artesi perfektuak eta diedro ederrak igo genituen. Arratsaldeko lauretan gailurrean ginen».

Aipatu bezala, ‘Todo lo que se comparte’ bide berriak berezko lekua hartu du Pirita Nagusian. Gazte kanadarrok lan ederra egin dute esplorazioan oinarritutako espedizio horretan. Eta horregatik diote pozarren direla lortutako emaitzarekin: «Lan ikaragarria egin dugu, erabat isolatuta egon gara, Patagoniako alderdi ezezagun bat bisitatu dugu, marra bat ireki dugu… Zer gehiago eska daiteke? Espedizioak erabat bete gaitu, eta argi dugu etorkizunean elkarrekin abentura gehiago egingo ditugula».