INFO

Hunkitzea eta barrea eragitea helburu duen filma

LOS AITAS
Estatu espainola, 2025. 88’ Zuzend.: Borja Cobeaga. Gidoia: Borja Cobeaga, Valentina Viso. Akt.: Quim Gutiérrez, Juan Diego Botto, Iñaki Ardanaz, Mikel Losada, Laura Weissmahr, Ramon Barea. Musika: Arantzazu Calleja. Argaz.: Bet Rourich.

Quim Gutierrez, Juan Diego Botto, Iñaki Ardanaz eta Mikel Losada ‘Los aitas’ filmean. (BTeam Pictures)

Azken urteotan zenbait telesailetan lanean aritu den arren (‘Vamos Juan’, ‘No me gusta conducir’ edota ‘Su majestad’), hamaika urte dira Borja Cobeagak zinemetan film luzerik estreinatzen ez zuela. ‘Fe de etarras’ izan zen zuzendu zuen azken film luzea, 2017an, baina zuzenean Netflixen lurreratu zenez, ‘Negociador’ kontsideratu daiteke zinema aretoetan estreinatu zuen azkena, 2014an. ‘Los aitas’, Cobeagaren film berria, 80ko hamarkadaren amaierako Bilbon girotutako road movie bat da.

Bilboko langile auzo batean, 1980ko hamarkadan, gimnasia erritmikoko neskato talde bati (Sofia Otero, Irati Goitia Arraibi, Mara Garces Renedo, Vera Lopez Monreal, Irati Garcia Perez eta Aitor Sanz) Berlingo txapelketa batean parte hartzeko aukera sortuko zaio. Aita talde baten laguntzaz bidaiatuko dute bertara (Quim Gutierrez, Juan Diego Botto, Iñaki Ardanaz eta Mikel Losada), baina, egiaz, ez dirudi oso interesatuak daudenik bidaian, ez eta kirolean edo alabengan. Beraiekin batera neskato taldearen entrenatzailea (Laura Weissmahr) eta autobus gidaria (Ramon Barea) ere joango dira.

Gidoia Valentina Visorekin batera idatzi du Cobeagak eta, azken honek azaldu duenez, «aitatasunari buruz idatzi dudan lehen gidoia da honakoa, eta haren idazketa prozesuan aurrera egin ahala jabetu naiz aitatasuna bera baino, seme edo alaba izateko moduak direla istorioaren funtsa». Era berean, nabarmendu du «inoiz ez duela horrelako film koralik egin, eta hori izan dela proiektuaren erronketako bat».

‘Los aitas’ hunkitzea eta barrea eragitea helburu duen errepideko filma da eta Bteam Pictures banatzailearen eskuetatik helduko da Hego Euskal Herriko zinema-aretoetara.