Goi karguetan emakumeen presentzia sustatuko dute Emakundek eta Emakume Enpresariek
Emakundek eta Emakume Enpresarien Federazioak hitzarmena sinatu dute goi karguetan emakumeen presentzia sustatzeko. Besteak beste, zuzendaritzatan eta administrazio kontseiluetan emakumeen kopurua handitzea eta soldata arrakalaren aurkako politikak ezartzea jasotzen da.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak ekonomia eta enpresa esparruan emakumeen parte hartze aktiboa sustatzeko asmoz, Emakundek era Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioak lankidetzarako esparru hitzarmena sinatu dute ostegun honetan.
Miren Elgarresta Emakunde Erakundeko zuzendariak eta Isabel Iturbe EnpresariAK Emakume Enpresarien Federazioko presidenteak jakinarazi dutenez, hizarmenean helburu zehatzak jasotzen dira, hala nola zuzendaritza postuetan eta administrazio kontseiluetan emakume gehiago egotea, soldata arrakalaren aurkako politika aktiboak ezartzea eta emakumeen ekintzailetza bultzatzea. Halaber, nesken eta gazteen bokazio zientifiko-teknologikoa bultzatzeko konpromisoa hartu dute.
EnpresariAK Federazioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako AMPEA, AED eta ASPEGI elkarteek osatzen dute. 25 urte baino gehiago daramatzate emakume enpresarien, zuzendarien eta profesionalen lana babesten. Hiru elkarteetako ordezkariak ere sinadura ekitaldian izan dira eta Emakunderekin egindako lan bileran parte hartu dute.
Hain zuzen ere, Emakundeko zuzendariaz eta EnpresariAK Federazioko presidenteaz gain, Iratxe Pascual ASPEGIko ordezkaria, Maria Caballero Carragal federazioko idazkari nagusia eta AEDeko ordezkaria eta Itziar Paunero Vazkez AMPEAko ordezkaria izan dira, baita Noemi Ostolaza Emakundeko idazkari nagusia ere.
Akordioak bat egiten du EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2030. orterako estrategiarekin. Hain zuzen, honen helburuen artean daude emakumeen enpresa ekimenak sendotzeko eta lehiakortasunerako neurriak ezartzea, generoaren finantza arrakala murriztea, erakunde sozioekonomikoetan berdintasunarekin konprometitutako emakumeen kopurua handitzea, eta lidergo feministak dituzten esparru guztietako zuzendaritza postuetan emakumeen kopurua handitzea.