‘Excalibur’-ekin, Brooke Raboutou emakumezkoen maila gorenean
Apirilaren 8an, 23 urteko eskalatzaile estatubatuarrak Arcon (Italia) dagoen 9b+ mailako ibilbidea kateatu zuen. Igoera historiko hori egin baino lehen Raboutouk lortutako marra gogorrena 9a+ mailakoa zen.
Josune Bereziartu euskal eskalatzaile historikoak bederatzigarren esferaren ateak zabaldu zituenetik, emakumezkoei kosta egin zaie maila handiagoak lortzea. Pixkanaka-pixkanaka bada ere, urratsak egin dira, eta azken urrats azpimarragarriena Brooke Raboutouk egin du.
23 urteko eskalatzaile estatubatuarrak Arcoko (Italia) ‘Excalibur’ ibilbidea sinatu berri du; hilaren 8an, hain zuzen. 9b+ mailakoa da, eta hori erdiesten munduko lehen emakumezkoa da. Zalantzarik gabe, jarduera historiko baten aurrean gaude. Nesken maila gorenera heltzeaz gain, harrigarria da gazteak egin duen jauzi ikaragarria. Lorpen honen aurretik, gehienez, 9a+ zeukan: “Southern Smoke” (Red River, AEB).
Hori dela eta, batzuentzat ezusteko handia izan da Raboutouk egin duena. Gainera, boulderrean eta lehietan ez bezala, ez du kirol eskalada asko praktikatzen. Beste proiektu bakan batzuetan gogor estutzen ikusi dugu; besteak beste, duela hiru urte Ceuseko (frantziar Estatua) ‘Biographie’-n (9a+).
Estatubatuarrak biribildu duen proiektuari buruz informazio pixka bat jaso genuen iazko abenduan. Bere sare sozialetan reel bat argitaratu zuen. Irudi labur horietan, Shawn anaiarekin ‘Excalibur’ probatzen agertzen zen. Hortik aurrera, berriz, «isiltasuna» gailendu zen. Alde guztietatik begiratuta, badirudi Raboutou bikain egokitu dela marra horrek dituen muturreko mugimenduetan. Argi dago estatubatuarrak sasoi eta gaitasun ikaragarria duela; zalantza izpirik ez dago.
«Asko eskertu behar dizut, ‘Excalibur’ maitea. Batez ere, zure irakaspenengatik. Hasieratik erabat harrapatuta geratu nintzen zure sarean»
Morris Fontanari eta Cristian Dorigatti italiarrak izan ziren ‘Excalibur’ ekipatu zutenak. 2020ko otsailean izan zen. Bide horren historiak badu berezitasunik. Hainbat bloke bilatzen ari zirela, eskalatzaileok kareharrizko bloke handi batekin egin zuten topo. Erabat liluratuta geratu ziren eroria duen xafla horrekin. Ondo aztertu eta gero, ageriko bide bat, egun ‘Excalibur’ dena, ekipatu zuten.
Sortzaileak zirenez, marra berriaren mugimenduak eta sekuentziak probatzen hasi ziren. Baina oso azkar ohartu ziren esku artean zuten xedea oso-oso zaila zela; hots, haien mailatik oso gora zegoela. Eskalatzaileoi otu zitzaien Italiako eskalatzaile sasoikoenetako bati, Stefano Ghisolfiri, deitzea. ‘Excalibur’ probatzeko proposamena egin zioten. Bidea ikusi bezain laster, Ghisolfik ez zuen zalantzarik izan ekinaldi batzuk egiteko. Gogor lan egin eta gero, 2023ko otsailean, ‘Excalibur’-en lehen igoera egin zuen, eta 9b+ maila proposatu.
Hilaren 8an, Brooke Raboutouk ‘Excalibur’ (9b+) ibilbidea kateatu zuen; maila hori lortu duen lehen neska da
Adam Ondra, Jakob Schubert eta Will Bosi eskalatzaile handiak ere harrapatuta geratu ziren «izar» berriak dituen zailtasun, arrokaren kalitate eta mugimenduen edertasunarekin. Ondrak, adibidez, erronka hori bertan behera utzi zuen hatz baten polea puskatzeko beldur zelako; bideak helduleku oso txikiak eta zorrotzak ditu. Iragan otsailean, Bosi izan zen ‘Excalibur’-en aurreneko errepikapena egin zuena, eta eskoziarrak bat egin zuen Ghisolfiren proposamenarekin. 9b+ mailak bazuen beste bide eder bat. Gogora dezagun eskoziarrak (boulderrean ere espezialista handia denak) egundoko indarra duela hatzetan, eta adierazi du ‘Excalibur’ marra ‘Alphane’ eta ‘Return of the Sleepwalker’ blokeak (biak ere 9a mailakoak) baino intentsoagoa dela.
Aipatu bezala, gizonezko horien artean muturra sartu eta aurreratu dena Raboutou izan da. Dakigunez, beste pare bat neska jardun dira zailtasun hori probatzen. Jana Svecovak ere “Excalibur” du helburu. Azken berriek diote txekiarra aurrerapen sendoak egiten ari dela. Baina, antza denez, oraindik oso urruti du. Janja Garnbret da bigarrena. Esloveniarrak, adibidez, Olianako (Lleida) “La Dura Dura”-n saialdiak egin ditu.

Hamargarrena
‘Excalibur’ kateatu bezain pronto, eskalatzaile gazteak adierazpenak egin ditu bere sare sozialetan. Horietan argi geratzen da bide horretan bizi izan duen esperientzia oso berezia izan dela: «Lehenik eta behin, asko eskertu behar dizut, ‘Excalibur’ maitea. Batez ere, zure irakaspenengatik. Hasieratik erabat harrapatuta geratu nintzen zure sarean. Ez dakit nola adierazi, baina intentsitate zorrotza duzu, bederen. Denboraren poderioz, gure arteko harremana aldatzen joan zen. Une jakin batzuetan, gure artean oreka edo harmonia oso argia zen. Beste batzuetan, aldiz, eztabaida ozenak izan genituen. Hala eta guztiz ere, asko eskatu zenidan; ibilbide batek inoiz ez nau hainbeste estutu. Nire beldurrei aurre egitera behartu ninduzun, itxaropenen aurrean aske izaten lagundu ere bai. Eta aurkitzen nituen sinesmen ñimiñoetan indarrak aurkitzera behartu nauzu. Irakatsi didazu zalantzekin eztabaidatzen. Finean, den-dena eskatu didazu, baina onartu behar dut horren truke asko eman didazula. Helburu handi horretan babestu eta lagundu didazuen guztiei eskerrak eman nahi dizkizuet. Batez ere, eskaladarekin lortu dudan lotura horretan laguntzeko prest egon zaretelako. Ez dut beste hitzik zuentzat».
23 urteko estatubatuarra, bidearen errepikapena egiteaz gain, zailtasun hori lortu duen hamargarrena da. Beste bederatziak mutilak dira
Bestalde, Raboutouk erdietsi duen lorpenak balio erantsia du. Izan ere, 9b+ mailara hamar eskalatzaile besterik ez dira iritsi. Estatubatuarra da neska bakarra; gainerako guztiak mutilak dira: Adam Ondra, Stefano Ghisolfi, Seb Bouin, Alex Megos, Jorge Diaz-Rullo, Jakob Schubert, Chris Sharma eta Will Bosi.
Aipatu bezala, Bereziartu izan zen bederatzigarren esferan sartu zen lehen emakumezkoa, ‘Bain du sang’-ekin (St. Loup, Suitza). 2002. urtea zen. Handik hiru urtera, euskal eskalatzaileak beste 9a bat egin zuen: ‘Logical progression’ (Joyama, Japonia). Progresio itzel horrek ez zuen etenik izan. 2005ean, berriro St. Loupen ‘Bimbaluna’ sinatu zuen. 9a/+ zailtasuna lortu zuen lehen emakumezkoa bihurtu zen.
Gero, hamabi urteko «geldialdia» egon zen nesken maila gorenean. 2017an, Margo Hayes-ek ‘La Rambla’ (9a+, Siurana, Tarragona) lortu zuen. Urte berean, Angela Eiterrek beste urrats bat egin zuen ‘La planta de Shiva’-rekin (9b, Villanueva del Rosario, Malaga). Azken-aurreko ekarpena Laura Rogorak egin zuen ‘Erebor’ kateatuta (9b/+, Arco, Italia). Azken igoera historikoa Raboutourena izan da ‘Excalibur’-ekin.
«Finean, den-dena eskatu didazu, baina onartu behar dut horren truke asko eman didazula»
Beharbada, eskalatzaile gazte honen ekarpenak ustekabean harrapatu du muturreko zailtasunaren kolektiboa. Eta ez da, ez, harritzekoa. Orain arte bere maila gorena 9a+ zela eta hiru koska «jan» ditu. Baina Raboutouk argi utzi du bikain egokitu dela hemezortzi metro dituen ‘Excalibur’-en. 40 graduko eroria du, eta 8b+ zailtasuneko blokeko bi sekuentzia; alegia, ohikoa ez den estiloa muturreko maila duten beste marra batzuekin alderatuta. 9b+ kirol eskaladan, 8c boulderrean, eta lehietan, besteak beste, zilarra Parisko Olinpiar Jokoetan. Ez da gutxi, ezta?