INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

‘Faisaien irla’ thriller mugalariaren aurrerapen klipa, NAIZen ikusgai

Asier Urbietaren lehen film luzea, ‘Faisaien irla’, ostiral honetan iritsiko da zinema aretoetara. Aurrerapen modura, NAIZek Jone Laspiur eta Sambou Diaby protagonista dituen thriller honen eszena bat eskaintzen du. 


Ostiral honetan, apirilak 25, iritsiko da Asier Urbietaren ‘Faisaien irla’ film luzea zinema aretoetara. Orain gutxi, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ikusi ahal izan zen filma. Jone Laspiur eta Sambou Diaby protagonista dituen thrillerra da eta aurrerapen modura NAIZek filmeko eszena bat ikusteko aukera eskaintzen du.

Laida (Laspiur) eta Sambou (Diaby), irla paretik paseatzen doazenean abiatzen da kontakizuna: «Bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?», zehazten da sinopsian.

Zuzendariaren hitzetan, «nire etxetik gertu gertatzen den egoera konplexu eta global hau kontatu nahi izan dut, askorentzat ezezaguna delakoan. Mugak, nazioarteko politikak eta bidegabekeriak guztiei eragiten digute. Horregatik sortu zait historia hau kontatzeko beharra. Etxetik gertu gertatzen den historia hau nazioarteko ikusleei ere eragingo dielakoan nago, unibertsala delako».

Antzezle taldean daude baita ere Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea. Gidoia Asier Urbieta zuzendariak idatzi du, Andoni de Carlosekin batera. Azken honek Goya saria irabazi zuen ‘Handia’ lanagatik.

Filma sei astez filmatu zen Bidasoako mugaren inguruan, Irunen, Hendaian eta Donostian. Filma euskaraz filmatuta dago eta frantsesa, mandigoa eta gaztelaniak ere badute bere lekua.