Almadiek Eska zeharkatu dute berriro Burgin
Izabako Kurruskla elkartea eta Jean-Marie Ekai musikaria izan dira aurten Burgiko Almadia Egunean omenduak. Haiek ohiturari eutsiz Eska ibaitik eramaten duten enbor-baltsan jaitsi ahai izan dute. XX. mendean galdu zen sistema ez ahazteko egiten dute festa hau Erronkariko herrian.
Burgik almadien tradizioa berpiztu du larunbat honetan, Eska ibaian zehar enborren jeitsiera egiterakoan. Egurra garraiatzeko balio zuen sistema hori XX. mendearen erdialdean galdu zen.
Egun, tradizioa bizirik mantentzen dute maiatzeko lehen asteburuan, eta festak protagonismo turistiko handia hartzen du. Gaur, eguzkia eta tenperatura onak lagun, milaka bisitari hartu ditu Burgik, Almadiaren XXXII. Egunean.
Aurtengo protagonistak Kurruskla Kultur Elkartea eta Jean-Marie Ekai musikaria izan dira. ‘Urrezko almadia’ jaso dute eta baltsa baten gainean jaisteko ohorea izan dute.
Nafarroako Burgi herriko Erdi Aroko zubian amaitzen den ibilbide batean zehar Eska ibaian barrena hainbat almadiak egiten duten jaitsiera Interes Turistiko Nazionaleko festaren izendapena du.
Almadien jaitsiera hainbat kultura, kirol edo folklore ekitaldiekin osatzen da: erakusketak, musika-emanaldiak, dantza erakustaldia, artisautza-azoka eta dantzaldia.
Omenduak
Kurruskla 2007an jaio zen Izaban, eta mota guztietako jarduerak antolatzen ditu bere herriko tradizioei eusteko. Horrez gain, Erronkariko bailaran egiten diren jarduerak babesten ditu, Almadia Eguna barne.
Jean-Marie Ekai Itoiz taldearen gitarrista izan zen, eta ibilbide luzea egin du rockari eta jazzari lotuta. Burgirekin harreman estua du, bere amaren familiako herria delako, eta Burguitaralde Jaialdia bultzatu duelako. Jaialdi horrek urtero ekartzen ditu Pirinioetara euskal musikari eta egungo soinuei lotutako interprete handiak.