EHUk irudi berritua izango du: aurrerantzean, euskarazko nomenklatura soilik erabiliko du
EHUko errektoretza taldeak unibertsitatearen irudia berrituko du, EHU nomenklatura soilik erabilita, besteak beste. Gaztelerazko UPV erabiltzeari utzita, Universidad Politécnica de Valenciarekin nahastea saihestea da xedea. Ekainean Chillida Lekun aurkeztuko dute marka berria.
Unibertsitatearen irudi berritua aurkeztu du ostegun honetako Gobernu Kontseiluan Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza taldeak. Aurrerantzean, EHU nomenklatura baino ez du erabiliko, orain arte euskarazkoarekin batera erabili duen UPV albo batera utzita. Horrela, Universidad Politécnica de Valencia eta Euskal Herriko Unibertsitatea ez dituzte nahastuko, orain arte gertatzen zen bezala.
EHUk jakitera eman duenez, Eduardo Chillidak sortutako ikurrak jarraituko du irudi nagusi izaten eta berrikuntzak nomenklaturari eragingo dio, bereziki.
Hartutako erabakiak helburu bikoitza daukala jakinarazi du unibertsitateak. Batetik, «unibertsitatearen irudia berritzea eta aro digitalera egokitzea, erraztea eta unibertsitatearen ikurrari garrantzi gehiago ematea, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarria hobeto isla dadin eta are identifikagarriagoa izan dadin».
Beste alde batetik, nomenklatura bikoitzak dakarren arazoari konponbidea ematea da xedea; batez ere, euskarazkoa bakarrik erabiltzeak saihestuko duelako EHU Valentziako UPVrekin, hots, Universidad Politécnica de Valenciarekin, nahastea. Era berean, eta ikuspegi teknikoago batetik, izena sinplifikatzeak eta zehar-marra alboratzeak indexazio akademikoa erraztu dezakeela uste du errektoretza taldeak.
Azaldu duenez, marka berria ekainean aurkeztuko dute, Chillida Lekun egingo duten ekitaldi batean.
«Oso harro gaude»
Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak azaldu duenez, «nola ez, Chillidaren artelana mantenduko dugu ikur nagusi gisa, oso harro gaudelako, baina berarekin batera aurrerantzean EHU siglak soilik erabiliko ditugu».
Berri honen hasieran aipatutako helburuak errepikatu ditu Garaik: «Batetik unibertsitatearen irudia modernizatzea eta alor digitalera egokitzea. Horregatik kolore paleta eta identitate bisual berritua izango ditugu. Eta, bestetik, izen bikoitzak sortzen zizkigun arazoak ekiditea».