Satsek zailtasunak aurreikusten ditu udari begira Osakidetzan: 700 erizain gutxiago
Satse sindikatuak ostegun honetan salatu duenez, Osakidetzak bertan behera utziko ditu 600-700 erizain lanpostu inguru. Ordezkapen gutxiago izango direla ohartarazi du, eta herritarrek pairatuko dituzte, berriro ere, osasun zentroetako itxierak eta ordutegi mugatuak.
Datozen hilabeteetan Osakidetzak bertan behera utziko ditu 600 eta 700 erizain lanpostu artean. Hala salatu du ostegun honetan Gabirel Perez Satse sindikatuko bozeramaileak, eta udan zailtasunak izango direla iragarri du, «ordezkapen gutxi eta lan karga handiagoa» jasoko baita. Horrek eragingo ditu, berriro ere, itxierak eta murrizketak, ziurtatu du.
«Beharrezkoa da lanpostu horiek eratzea eta ez desegitea. Ezin dugu aurrera egin gaur egungo kontratazio kopuruarekin», nabarmendu du Gasteizen dagoen Txagorritxu Ospitalearen aurrean egindako elkarretaratzean egindako adierazpenetan.
Erizainak, fisioterapeutak eta beste zenbait espezialista izan dira bertan. Beraien haserrea irudikatzeko batu dira, izan ere «ikusten ari gara nola Osakidetza eta Osasun Saila ez diren orain dugun egoera ezegonkorra konpontzeko gai, eta azkenean neurriak aurrera eraman behar dira».
Adieraz duenez, plantilla «egonkortu egin behar da, lanpostu finkoak sortuz eta epe luzerako kontratazioa sustatuz». «EPE baten bitartez egonkortu behar dira eta eratu behar dira postu berriak. Postu asko daude iruzur egoeran daudelako. Aldi baterako sortu ziren, baina mantendu behar diren postuak dira», gaineratu du.
Gainera, erizainek «diskriminazioa» pairatzen dutela ohartarazi du Perezek. «Neurriak ez direlako berdinak guztiontzat, aplikatzen dira uniformearen kolorearen arabera, eta hori errespetu falta handia da», azaldu du.
Kontratazio zerrendetan arazoak direla esan du eta ordutegian aldaketak «etengabeak» direla. Halaber, pairatzen duten «behin-behinekotasuna» kritikatu du. «Beharrezkoa da segurtasuna izatea lanpostuetan, eta duintasuna. Funtsezkoa da, errespetuarekin batera».
«Ez gara atera kalera soldata handitzea aldarrikatzeko. Eskatzen dugu egoera duin bat, herritarrei behar dituzten zainketak eskaintzeko, kalitatezko arreta bat bermatzeko», gaineratu du, eta aurreratu du datorren astean, maiatzaren 27an hain zuzen ere, Basurtun elkarretaratze bat izango dela. «Ez dugu amorerik emango eta mobilizazioekin jarraituko dugu. Ez gara isilik egongo».