Mont Blanceko joan-etorrian marka berriak ezarri dituzte eskiez
Maiatzaren 16an, Elise Poncetek Chamonix-Mont Blanc-Chamonix lotura 6 ordu eta 54 minutuan sinatu zuen; hots, emakumezkoen errekorra. 24an, berriz, mutilena Benjamin Vedrinesek erdietsi zuen ikaragarrizko markarekin: 4:54:41.
Chamonix-Mont Blanc-Chamonix lotura betidanik oso erakargarria izan da erresistentzia handia duten espezialistentzat. Elise Ponceten izena mendiko lasterketekin lotuta dago. Batez ere, muturreko distantzia duten probekin. Hala ere, ultrarunner frantziar horrek noizean behin izaera ezberdinetako erronkak egiten ditu. Eta azkenekoan erakutsi du ez dela hankamotza.
Iragan maiatzaren 16an, emakumezkoen artean errekor berria ezarri zuen. Ordura arte, Hillary Anna DeMontek zuen eskiez: 7 ordu eta 29 minutu. Estilo berean, Poncetek hobetu du estatubatuararen denbora marka honekin: 6 ordu, 54 minutu eta 47 segundo. Hillary Gerardi ere aipatu behar dugu. Frantziar-estatubatuar honek lotura hori 7 ordu eta 25 minutuan zuen, baina, beste bi protagonistek ez bezala, jarduera hori oinez eta korrika egin zuen.
29 urteko frantziarra irteera puntuan, hots, Chamonixeko elizan, pronto zegoen marka berria ezartzeko. Bideoan azaltzen duenez, ez zuen espero aurten egitea; izan ere, zalantza ugari zituen. Eta ez da gutxirako: Mont Blanceko gailurra zapaltzeko 3.800 metroko desnibela gainditu behar da. Eskiak bizkarrera eraman eta goizeko 5etan lehen urratsak egin zituen. Ondoan, talde sendo bat zuen.
Grand Mulets-eko ibilbidea hartu zuen. Valloteko aterpera heldu zenean, atseden hartu zuen hotzaren eta haizeteen eraginez. Nahiz eta baldintza horiek ez zioten batere laguntzen, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Chamonixetik irten eta 5 ordu eta 39 minutu beranduago, Mont Blanceko tontorrera iritsi zen. Goizeko 10:40an. Krono bikain hori ospatu ordez, Poncetek eskiak jarri eta jaitsiera oso azkarra egin zuen. Gailur enblematiko horretatik Chamonixera ordubete eta 20 minutuan egin zuen. Eliza horretan kronoak 6 ordu, 54 minutu eta 47 segundo markatu zion.
Errekor hori biribildu bezain laster, protagonista frantziarrak adierazi zuen erronka hori ez zela abiadura kontu soil bat, baizik eta azken hamarraldi luzean trail running-ean zein alpinismoan egin duen ibilbidearen gailur gorena.
Vedrines ere, ikaragarri
Azken aste honetan Poncet ez da izan da protagonista bakarra. Lorpen handi hori sinatu eta ia segituan, joan den 27an, Benjamin Vedrinesek Chamonix-Mont Blanc-Chamonix loturan denbora handia sinatu zuen: 4 ordu, 54 minutu eta 41 segundo.
Alpinista frantziarra goizeko 9etan irten zen Chamonixeko elizatik. Alpeetako gailur garaiena zapaltzeko 3 ordu eta 42 minutu behar izan zituen. Jaitsierarako, berriz: ordubete eskas. Marka horrekin iazko ekainean Jack Kuenzle estatubatuarrarena bost minutuan hobetu du. Baita Kilian Jornetek 2013an (4:57:44) sinatu zuena ere. Baina hauekin alderatuta, katalanak xede hori oinez eta korrika egin zuen.
Fastest Know Time (FKT) edo ezagutzen den denbora azkarrena, Vedrinesena dugu. Alpinista handia izateaz gain, 32 urteko frantziarrak erresistentzia itzela du. Etxean zein atzerrian abiadura errekorrak ditu. Gogoan ditugu, adibidez, Broad Peaken eta K2n erdietsitakoak.
Mont Blancekoari dagokionez, adierazi du ezusteko handia hartu duela: «Izaera horretako jardueretan egundoko urratsa egin dut. Oso harro eta pozik nago Alpeetako gailur altuenean denbora hori ezartzeagatik. Nahiz eta helburu horrek asko erakartzen zidan, ez nuen uste arrakasta izango nuenik. Neure buruarengan ez nuen konfiantzarik edo segurtasun handirik».
Berez, udaberri honetan Alaskara abiatu behar zen, baina bidaia bertan behera utzi zuen. Besoak uztarturik egoteko «gaitasunik» ez duenez, lotura horren aldeko apustua egin zuen. Hain zuzen ere, egin baino bi aste lehenago: «Oso denbora gutxi izan nuen prestatzeko. Adibidez, Jack sei hilabete egon zen ibar honetan gogor entrenatzen. Ez da nire espezialitate indartsuena, baina marka hori lortu dut eta nolabaiteko ustekabea izan da niretzat».