Mikel Linacisoro bigarren, Eskaladako Espainiako Txapelketan
200 eskalatzaile baino gehiago lehiatu ziren San Marti de Tous herrian altxatutako murruan. Gipuzkoarraz gain, Maria Feo seniorren finalean egon zen; nafarrak seigarren postua sinatu zuen.
Joan den asteburuan, San Marti de Tous herriak (Herrialde Katalanak) hartu zuen Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako Eskaladako Espainiako Txapelketa. Fedmeren hitzordu nagusia izateaz gain, kopak edo erregulartasunaren zirkuituak lehen proba izan zuen.
Mendizale federazioaren zailtasuneko lehen eskalada lehiara 200 lehiakide baino gehiago bertaratu ziren: 15, 17 eta 19 urtez azpikoen mailak eta seniorrak. Aurrean, berriz, garai batean Innsbrucken (Austria) Munduko Koparako altxatzen zen pareta izan zuten.
Euskal ordezkarien emaitzei dagokienez, aurreratu behar dugu txukunak izan zirela. Ez zen garaipenik lortu, baina, bederen, hainbat ordezkari podium zein final ezberdinetan egon ziren. Nagusien kategorian, mutiletan, irabazleak fase guztiak erabat menderatu zituen. Alberto Ginesi buruz ari gara; hots, lehen urre olinpikoa erdietsi zuen eskalatzailea. Erakustaldi handia eman zuen finalean, eta Gines izan zen ekipatutako bidea kateatu zuen bakarra.
Zilarra, berriz, Mikel Linacisororentzat izan zen. Bergararra hirugarren postuan sailkatu zen sailkapenetan. Oro har, fase ezberdinetan indartsu ibili zen, eta finalean oso igoera ederra egin zuen. Halere, Ginesengandik urrun geratu zen. Guillermo Peinado hirugarren postuan sailkatu zen.
Podium gehiago
Bestalde, emakumezko seniorretan, Geila Maciaren eta Itziar Martinezen artean norgehiagoka estua bizi izan zen. Nahiz eta bi eskalatzaileok ez zuten top egin finaleko bidean, Macia katetik gertuago erori eta txapelketarekin egin zen. Martinezek bigarren postua sinatu zuen, eta Julia Benachek hirugarrena. Maria Feok aukera izan zuen zazpi finalistekin lehiatzeko; nafarrak seigarren postuan amaitu zuen.
Gazteen kategoria ezberdinetan, euskal ordezkariek beste hiru podium erdietsi zituzten. 15 urtez azpikoetan, Lur Guenetxea bigarrena izan zen, eta Sofia Hernandez zazpigarrena. Hurrengo kategorian, 17 urtez azpikoen mailan, hiru euskal ordezkari igaro ziren finalera: Udane Mugika (hirugarren), Ines Allende (laugarren) eta Elene Otermin (bosgarren). Azkenik, 19 urtez azpikoen kategorian, Maddi Agirrek brontzea eskuratu zuen.