INFO

Sol Band: Gazatik Hernanira, genozidiotik elkartasunera

Rahaf Shamalik, Mohammed Nasrallahek, Abdelkader Aboqassimek eta Said Fadelek bonbardaketen artean sortu zituzten beren kantak Gazan. Genozidioari eta esperantzari buruzko abestiak dira. Gaur, Hernaniko herriak egin dien harrera ekitaldian kantatu dituzte, jasotako elkartasuna eskertzeko.

Hernanin eguerdian Gazako Sol Band musik taldeari egin dioten herri harreraren momentu bat. (Jon URBE | FOKU)

Gazatik ihes egitea, familia, lagunak eta herria bera atzean uztea, ez zen inolaz ere hautu erraza izan.

Maiatzean, Euskal Herrira iritsi ziren, babes bila. Hernaniko herriak eskua zabalik hartu ditu eta igande honetan eguerdian harrera beroa egin diete Rahaf Shamaliri, Mohammed Nasrallahri, Abdelkader Aboqassimi eta Said Fadeli, Sol Band musika taldeko kideei.

«Oso zaila da familia, lagunak, etxea, herria utzi behar izatea. Hemen lasai eta seguru sentitzen gara. Arropa onak ditugu, pertsona onez lagunduta gaude, jatekoa dugu. Baina, gure senideek ez dute deus ere jateko, gosea pasatzen ari dira eta etengabeko bonbardaketen artean bizitzen jarraitzen dute. Gogorra da orain guk bizi dugun errealitatea haiek dutenarekin konparatzea. Baina, indartsuak izan behar dugu haiengandik, haiek ematen digute jarraitzeko kemena. Munduak gure abestiak eta mezua entzutea nahi dugu. Kantatzen ditugun abesti bakoitza gure dendak bonbardatzen zituzten bitartean sortu eta idatzi genituen», adierazi du Shamalik ekitaldia hasi aurretik GARAri eginiko adierazpenetan.

«Gazakoa genozidio bat da»

Gazan gertatzen ari dena izendatzeko hitz bakarra dagoela nabarmendu du: «Hau genozidio bat da, ez gerra bat». Eta Palestinari buruz hitzegiten jarraitzeko eskatu du.

«Sufritzen ari garen bi milioi pertsona gara Gazan. Gosetea gero eta okerragoa da. Mesedez, jarraitu ozen hitzegiten gazatarrei buruz», plazaratu du.

«Egunero laguntza eta janari bila dauden pertsonak hiltzen ari dira. Gazan benetan gertatzen ari denaren %20a soilik zabaltzen ari da»

 

Berarekin batera taldeko abeslaria den Nasrallah-k Euskal Herrian jasotako elkartasuna eskertu du.

«Pertsona asko daude Palestinari lagundu nahiean. Israelgo enpresekin harremanak eteteko exijituz eta Netanyahuren Gobernua salatuz mobilizazio asko egiten ari dira hemen. Jendearen begietan ikus ditzakegu gurekiko elkartasuna eta maitasuna. Eta hunkigarria da ere Palestinari buruz Euskal Herrian dagoen ezagutza. Honek sentiarazten digu ez gaudela bakarrik», helerazi du.

Shamalik bezala, ihes egin behar izana eta Gazatik urrun egon beharra oso gogorra dela dio. «30 urte luzez leku berean bizi eta hazi ondoren, hortik atera behar izatea deskribaezina da. Zure bizitzako memoria guztiak hautsi egiten dira. Eta 30 urte horietan bizi izandakoaren oroitzapenarekin bizi zara», gaineratu du.

Gazatik milaka kilometrora egonda, bonbardaketen berri jasotzen duenean nola sentitzen den galdetuta, «sentipen horiek deskribatzeko hitzik ez» duela nabarmentzen du.

«Ezin daiteke ulertu bizitzen eta sufritzen ari garena»

«Ez diot inori ezer txarrik opa, baina gurea bezalako genozidio bat bizi arte ezin daiteke ulertu bizitzen eta sufritzen ari garena. Ezin dut hitzekin azaldu. Egunero goseak dauden pertsonak hiltzen ari dira, janari bila bakarrik dabiltzanak. Gazan benetan gertatzen ari denaren %20a baino ez da zabaltzen ari, baita sare sozialen bidez ere», gaineratu du.

«Genozidiotik bizirik ateratzea lortu dugu eta orain hemen gaude. Gure ardura gazatarren mezua zabaltzea da. Eta horretarako eskura dugun tresna gure musika da, gure ahotsa, gure kantak».

Gaurko ekitaldian kantatu dituzten bi abestietan, genozidioari, saminari eta suntsipenari abestu diote, baina baita esperantzari eta baikorrak izatearen garrantzia azpimarratu dute: «Bihar krisi hau pasako da eta, ez dakigu noiz, baina egun ederrak itzuliko dira eta elkarrekin Gaza berreraikiko dugu».

Gernika-Palestinaren mezua

Gernika-Palestina plataformaren izenean lau kidek irakurri duten agirian haiek «besarkatzeko bihotzak eta besoak zabalik» dituztela adierazi dute.

«Ulertzen dugu herri palestinarraren erresistentzia ez dela borroka soilik: itxaropena ere bada, lurrarekiko maitasuna da, ezarritako ahanzturaren aurrera memoria gordetzea da. Hondakin artean irribarre egiten duen haurra da, dronen soinupean historia irakasten duen ama, bere olibondoa oraindik itxaropen-ekintza gisa landatzen duen agurea...», nabarmendu dute.

«Kakotxen artean gure anaiak izan beharko liratekeen herrialde askok ez digute zuek, Euskal Herriak, erakutsi diguzuen elkartasuna adierazi»

«Edo zuek bezalako musikariak, bonbardatu berri diren haimen artean haurrei abesten dietenak –erantsi dute–. Musikaren, artearen eta literaturaren bidez, haien ametsak eta borrokak adierazten dituzue, haien erresistentziaren mezua mugetatik haratago eramanez».

Argizaiola, futbol eta errugbiko taldeko kamisetak...

Sol Band taldeko kideei ongi etorria emateko zenbait koletibo igo dira oholtzara, opariak eskutan, tartean Ernai. LAB sindikatuak argizaiola bana eman die; Hernaniko futbol eta errugbi taldeek kamisetak helarazi dizkiete, Ttarla dantza taldeak agurra eskaini die, Zapotxin pailazoak irribarre batzuk lapurtu dizkie...

Hebronen jaiotako eta Euskal Herrian hamar urte bizitzen daramatzan Mohammed Farajallah ekintzailea palestinarrak ere hitza hartu du, jasotako elkartasuna guztiagatik esker ona adierazteko.

«Kakotxen artean gure anaiak izan beharko liratekeen herrialde askok ez digute zuek, Euskal Herriak, erakutsi diguzuen elkartasuna adierazi. Hitzaldi asko ematen ditut han eta hemen, baita nazioartean ere, baina hemen dagoen Palestinarekin dagoen interesa eta ezagutza ez ditut beste inon ikusi. Nire familiaren zati bat Alemanian dago, eta haiek jasotzen duten arreta ez du zerikusirik egin diguzuen harrerakin», esan du.